Liburua osatzen duten bi istorioak oso desberdinak dira, baina bietan ageri da palestinarrek jasaten duten zapalketa bortitza. Zenbat horrelako zoritxarrez... Eskertzekoa horrelako liburuak euskarara ekartzea.
Kritikak eta Iruzkinak
Esteka hau laster-leiho batean zabalduko da
Asier Iturralde Sarasola (e)k Adania Shibli(r)en Detaile xume bat liburuaren kritika egin du
Asier Iturralde Sarasola erabiltzailea Adania Shibli(r)en Detaile xume bat irakurtzen hasi da
Gaur goizean kasu egin didate liburudendatik #DetaileXumeBat iritsi zaiela esanez. Arratsaldean jaso dut eta oraintxe irakurtzen hasteko asmotan. Urria amaitu aurretik sikira, @elegose@mastodon.eus!
Asier Iturralde Sarasola (e)k Inaki Irazabalbeitia(r)en Uda guztiak eztituk berdinak, Isi liburuaren kritika egin du
Euskarazko zientzia fikziozko lan kuriosoa
4 izar
Hasiera oso gertukoa egin zait, ondo ezagutzen ditudan lekuetan hasten delako: orain Iametza eta Antza dauden Lasarte-Oriako industrialdeko pabiloia, garai hartan Euskaldunon Egunkariaren egoitza izandakoa, eta handik metro gutxira dagoen Txartel hoteleko kafetegia.
Duela gutxi irakurri nuen idazle honen 'Arrotza paradisuan' lehen liburua bezala, hau ere zientzia fikziozkoa da. Kritika egitean protagonista nagusietako batek Futuramako Zapp Brannigan gogorarazi zidala esan nuen. Honetakoa ere ildo berekoa da, emakumezko pertsonaia batek "kazetari txoriburu neskazale" gisa definitzen du.
Istorioari dagokionez, hasieran erakargarria egin zait, gero klimaxera iristean hartzen duen bideak harritu nau. Entretenigarria iruditu zait zati hori, baina bukaerarekin egiten duen lotura nahiko behartua delakoan nago, amaiera bera interesgarria eta gaurkotasunik galdu ez duena bada ere.
Erabilitako hizkuntzan batukoak ez diren hikako forma ugari erabiltzen ditu, aurreko liburuan bezala. Bitxia egin zait: gatxeuden, natxegon/k, natxien, gintxeztek, baina ahozkoan ohikoak ez diren zeritzoat bezalakoak ere badarabiltza.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Alberto Ladron Arana(r)en Dena eskaini nizun liburuaren kritika egin du
Ondo baina bere beste liburu batzuekin gehiago gozatu dut
4 izar
Alberto Ladron Aranaren liburuen zalea naizenez, argitaratu zuela jakin bezain laster erosi nuen. Gustura irakurri dut, istorioak harrapatu nau eta amaiera arte eutsi dio tentsioari. Bere beste liburu batzuk askoz gehiago gustatu zaizkidan arren, esaterako duela bi urte atera zuen 'Ilunpeko zelataria', hau ere ondo dago.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Inaki Irazabalbeitia(r)en Arrotza paradisuan liburuaren kritika egin du
Abenturazko zientzia-fikzio labur eta entretenigarria
4 izar
Espoiler handirik gabe: liburuaren izenburuko arrotza izar arteko merkatari bat da, batzuetan Futuramako Zapp Brannigan gogorarazi didana, eta ustezko paradisua Erdi Aro moduko gizarte bat duen planeta. Bi mundu horiek topo egitean hasten den abentura entretenigarria iruditu zait. Euskaraz gutxi landu den generoa izanik, gustura irakurri dut, batzuetan estereotipoetan erortzen bada ere: onak ederrak eta lerdenak...
Iñaki Irazabalbeitia Elhuyar eta UEUrekin lotzen nuen. Ez nekien zientzia fikziozko literatura idatzi zituenik. Ipuin batzuk eta beste eleberri bat ere idatzi zituela ikusi dut. Ahal badut irakurriko ditut horiek ere.
Amaitzeko, liburuan darabilen hizkerari dagokionez bi kuriositate. Batetik, erabiltzen dituen hikako forma batzuk ez dira batuko estandarrak: nitxetorren, natxik... Hika batuan erabiltzeko ohitura faltagatik izan daiteke, nik ere zalantza asko izaten ditut, eta ahozkoan gipuzkeraz erabiltzen ditudan aditzak horien antzekoak dira. Bestetik, behin baino gehiagotan aditz trinko ez ohikoen erabilera, adibidez, "txorien kanturik ez zentzuten", Hau bai, nahita egina delakoan nago, eta datsegit.
Asier Iturralde Sarasola erabiltzailea Inaki Irazabalbeitia(r)en Arrotza paradisuan irakurtzen hasi da
Bigarren eskuko liburudenda batean aurkitu nuen eta interesa piztu zidan, #zientziaFikzioa ez delako euskaraz gehiegi landu den genero bat. Ea zer moduzkoa den!
Asier Iturralde Sarasola (e)k Jon Alonso Fourcade(r)en Carvalho Euskadin liburuaren kritika egin du (Narratiba Susa, #148)
Bi eleberri baten prezioan
5 izar
Bi idazle deskubritu ditut #CarvalhoEuskadin liburuari esker. Batetik Jon Alonso, liburuaren hasiera eta bukaera hartzen dituen istorioaren egilea. Bestetik, liburuaren kontakizun nagusiaren protagonista den Carvalho detektibearen jatorrizko istorioen idazlea: Manuel Vázquez Montalbán. Bi zatiekin gozatu dut, baina bereziki Carvalhoren ibilerekin. Beste hainbat liburuk bezala egileen lan gehiago irakurtzeko gogoarekin utzi nau. Ea denbora hartzen dudan.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Harkaitz Cano(r)en ZIRRIBORROAK ETA GERO liburuaren kritika egin du
Etorkizun hobeak imajinatzea beharrezkoa da
5 izar
Gustura irakurtzen ditut liburu distopikoak. Istorio erakargarriak sortzeko bidea ematen dute, eta interesgarriak izan daitezke etorkizuneko arriskuen eta erronken azterketa egiteko, baina etorkizun utopiko(ago)ekin amestea ere guztiz beharrezkoa iruditzen zait, bestela etsipenean eroriko baikara. Liburu honetan horretan saiatu dira hainbat idazle ezagun, eta emaitza oso txukuna lortu dutelakoan nago. Baina bat jartzekotan, istorioren batean "etorkizuneko izen xelebreko tramankuluak" topikoa gehitxo landu ote den sentsazioarekin geratu naiz. Gainerakoan oso fin.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Jesús Altuna(r)en Lehen Euskal Herria liburuaren kritika egin du (Gero euskal liburuak)
Euskal Herriko aurrehistoriaren gida ilustratua
4 izar
"Liburu hau eratzekoan, batez ere, gure ikastola eta lizeotako ikasleak izan ditut gogoan" dio Jesus Altuna arkeologo handiak aitzin solasean, eta "gure ikasleek bere hizkuntzan irakurri ahal dezaten" idatzi duela euskaraz. Altunak berak egindako argazkiek hartzen dute liburuaren erdia, modu kronologikoan ordenatuta, eta bakoitzak azalpen labur bat duela ele-hirutan.
Liburua zaharra bada ere, 1975ean argitaratu zen, ondo betetzen du funtzio hori nire ustez, nahiz eta azken 50 urteetako aurkikuntzak falta. Ondo legoke antzeko dibulgazio-liburu eguneratu bat argitaratzea.
Bainak jartzen hasita, neologismo zaharkituen erabilerak irakurketa zailtzen duela iruditu zait, eta maiz gaztelerazko eta frantsesezko "itzulpenek" xehetasun gehiago dituzte "jatorrizko" euskarazkoak baino. Bigarren eskuko denda batean eskuratu dut liburua, eta oparitxo bat ere bazekarren barruan: aurreko jabeak gaiari buruz egunkarietatik moztutako artikulu bilduma.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Ignacio Barandiarán Maestu(r)en Guipúzcoa en la Edad Antigua liburuaren kritika egin du (Colección «Documento», #3)
Bere garaiko ezagutzaren laburpen ona
4 izar
1973an liburu hau argitaratu zenetik aurkikuntza asko egin dira Gipuzkoan, bai historiaurreko kastroak, baita erromatar garaiko aztarnategiak ere. Ondorioz, eskaintzen duen informazioa zaharkitua eta mugatua da alde horretatik. Hala ere, ondo dago duela 50 urte ezagutzen zena jakiteko. Garai hartako irakurlea banintz izar gehiago emango nizkioke, 100 orritan laburpen polita egiten baitu, irudi eta guzti.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Harper Lee(r)en To Kill A Mockingbird liburuaren kritika egin du
XX. mende hasierako AEBetako hegoaldearen erretratua neskato (zuri) baten ikuspuntutik
5 izar
Liburuaren bizkarreko laburpena irakurrita epaitegiak eta abokatuak oinarritu dituen liburu bat espero nuen eta egia esan ez ninduen gehiegi erakartzen. Hala ere, irakurri ahala ezusteko oso atsegina hartu dut. Lege kontuek badute pisua liburuan, batez ere liburuaren erdi aldera, baina nagusiki XX. mende hasierako AEBetako hegoaldeko herrixka baten eta bertako biztanleen erretratua da, neskato zuri baten ikuspuntutik kontatua: arrazismoa, klasismoa, sexismoa, itxurakeria... Amaitu ondoren kritikak irakurtzen aritu naiz, eta egia da ikuspuntu zuri batetik idatzia dagoela, baina bere garairako oso aurreratua iruditzen zait, eta dirudienez eragin handia izan zuen AEBetako beltzen eskubide zibilen aldeko mugimenduan.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Kristina Berasain Tristan(r)en Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren kritika egin du
Ez naiz harritzen Argia Saria jaso izana
5 izar
Saharar herriari buruz gutxi dakidala onartu behar dut. Liburu hau guztiz gomendagarria iruditu zait haiei buruz gehiago ikasteko. Liburuaren egilea den Kristina Berasain kazetariak 2024ko Prentsako Argia Saria jasotzean esan zuen bezala: “Munduan ahaztutako herri eta gatazka asko daude”. Liburu honi esker euskaldunen artean sahararrena ezagunxeago izango dela pentsatu nahi dut. www.argia.eus/albistea/prentsa-argia-saria-sahara-herri-bat-erresistentzian
Asier Iturralde Sarasola (e)k Agatha Christie(r)en The Thirteen Problems liburuaren kritika egin du
Ez gutxietsi etxekoandreak
4 izar
Hainbat liburu ezagunetan bezala elkarri istorioak kontatzen dizkiote protagonistek, gero guztien artean gertatutakoa argitzen saiatzeko. Hasieran gutxiesten badute ere, laster batean nabarmentzen da Miss Marple etxekoandrearen azkartasuna. Istorio laburrak interesgarriak dira eta bukaeran ustekabean harrapatzen zaituzte.
Asier Iturralde Sarasola (e)k Luix Mari Zaldua Etxabe(r)en Saroeak Urnietan liburuaren kritika egin du
Interesgarria baina arkeoastronomiarekin lotura justifikatu gabe
4 izar
Urnietako saroeei buruzko informazio ugari jasotzen du egileak: arkeologia, hizkuntzalaritza, dokumentazio historikoa... Hala ere, faltan bota dut arkeoastronomiarekin lotura justifikatzea. Saroeak eraikitzean agian printzipio astronomikoak erabili zituztela dio egileak: "maiz benetako 'haizeen arrosa' bihurtzen baitira" eta "sarritan astronomikoki primeran zuzendua egon ohi den oktogonoa" bezalako baieztapenak eginez, baina gero ez ditu ematen hori justifikatzeko datuak. Gainerakoan irakurketa interesgarria horrelako gaiak gustuko dituenarentzat.