User Profile

Mikel Iturbe

miturbe@paperjale.eus

Joined 3 years, 2 months ago

This link opens in a pop-up window

Mikel Iturbe's books

reviewed The Languages of Pao

The Languages of Pao (Paperback, 2004, I Books) 4 stars

Science Fiction. The young heir must escape his father's assassination and seek refuge on another …

Zientzia fikziozko soziolinguistika

4 stars

Jack Vanceren abentura-eleberri ezagunenetakoak (Hiltzorian dagoen Lurra, Tschai zikloa...) irakurriak nituen, gustura gainera, baina eleberri honen ekarpena beste bat da. Hizkuntzak gizaki eta gizarteetan daukan eragin egituratzailea bista-bistan uzten du, baita aldaketarako duen ahalmena ere.

Pao izeneko planeta inbaditua da. Bertako biztanleak, duten hizkuntza dela-eta, ez dituzte ulertzen gerra, erresistentzia edota merkataritza moduko kontzeptuak (edo oso mugatuki) eta beraz ez dira inbasioari aurre egiteko gai. Egoera horretatik abiatuz, erbestean dagoen agintari eta bere kontseilariaren eskutik hainbat hizkuntzaren irakaskuntza hasiko dute, mundu berri bat osatzeko asmoarekin. Baina horrek ere sortuko giza-taldeak eta hauen arteko desberdintasunak...

Ondo dago, laburra da eta entretenigarria.

reviewed Uzta gorria by Dashiell Hammett (Sail beltza, #10)

Dashiell Hammett: Uzta gorria (Paperback, Igela argitaletxea) 5 stars

Heriotza eta mendekua Poisonvillen

5 stars

Liburutegian hartu nuen liburua eta eserialdi bakarrean irakurri dut. Hammetten Maltako belatza banuen irakurria eta gustatu zitzaidan, baina Uzta Gorriarekin askoz gehiago disfrutatu dut. Ez dut askorik esango, spoilerrik ez egiteko, baina hilketak ikertzeaz harago doan nobela da, justizia eta mendekuaz ere aritzen dena. Lehen orrialdeetatik abiatuta, abiadura itzela hartzen du kontakizunak, irakurlea xurgatzeraino.

Gerora irakurri izan ditudan modura Kurosawaren "Yojimbo" filmearen inspirazio iturria izan zen, eta bietan nabaritzen dira gai antzekoak.

Olarraren itzulpena ere egokia iruditu zait. Esan beharra dago ere, lehenengo argitaratutako liburu honek badituela zenbait akats (hitzen bat falta, testu errepikatuak...).

Oso gomendagarria.

Benjamin Wardhaugh: Las infinitas vidas de Euclides (Castellano language, 2022, Shackleton Books) 4 stars

Sería difícil encontrar un libro más influyente en la historia de la cultura que los …

Elementuak eta bere eragina historian zehar

4 stars

Orokorrean, gustura irakurri dut. Euklidesen inguruan, bere liburuaren izena (Elementuak) eta kontestu orokorraz gain ezer gutxi nekien. Liburuak, hasieratik hasita, Elementuak liburuaren kronologia bat egiten du, izan dituen moldaketa, itzulpen eta abarrekin. Kuriositatez betetakoa.

Orain, badaude gauza batzuk, pixkat arraro egin zaizkidanak. Alde batetik, egitura. Lehenik eta behin liburuen bertsioetan zentratzen da, eta gero pertsonetan (Heroiak). Pixkat antinaturala egiten da banaketa hori, kronologia bera denean. Bestalde liburua asko zentratzen da Euklidesek orokorrean aro modernoan eta garaikidearen hasieran matematiken irakaskuntzan izandako pisuan. Ziurrenik, egilea bera aditua delako horretan. Eskertuko nukeen, hortik pixka bat begirada altxatuta, munduko beste zokoetan liburuak izandako eraginean gehiago zentratuko balitz, azaletik pasa baino.

Guzti hori esanda, matematikako liburu ospetsuenetakoaren eta garai klasikoko garrantzitsuenetako baten historia ezagutu nahi baduzu, gustura irakurtzen den liburua da.

Asko dago zentratuta

Albert Camus: Arrotza (2017, erein) 5 stars

Meursault bulegari arrunt bat da, ama guztiak bezala azkenean hil egiten diren ama horietako baten …

Zoriontsua zen, baina ez zen horren jakitun

5 stars

Aspaldi nuen irakurrita liburua, gaztelaniaz, gazte(ago) nintzela. Garai hartan gustura irakurri nuen, baina eleberri soil modura. Liburutegian euskaraz aurkitu eta eserialdi bakarrean irakurri dut.

Oraingoan, Camusen eleberri honi beste zentzu bat aurkitu eta amaieran Meursaultek kapelauarekin elkarrizketan dagoela duen argitzearekin, ikus daiteke Camusen absurdismoaren isla garbia. Eleberri laburra eta erraz irakurtzen dena, deskribapen bikainekin (beroa, eguzkia, itsasoa...).

Adur Larrea: Lurbinttoko ohoinak (GraphicNovel, Euskera language, 2022, Elkar) 3 stars

1795, Konbentzio Gerla bukatu berria da. Gudu-zelaian, deportazio eremuetan edo exilioan egon direnek etxerako bidea …

Lurbinttoko larrretan ohoinak badire...

4 stars

Liburutegian atentzioa hartu eta hartutako liburua. Gustura irakurria, ezagutzen ez nituen historiaren pasarteak kontatzen dituena. Lapurdiko "herri matxinoen" erbestealdiaz irakurria nuen (Babiloniarrek juduekin egindakoarekin alderatzen duena obrak), baina konbentzio gerran egondako desertzio eta ostean itzulitakoek Lapurdi barnealdean sortutako ohoin taldeei buruz ez nekien ezer, ziurrenik Frantziar Iraultzaren aurkako erresistentzia, askotan, Vendéeko matxinadaren kontakizunak monopolizatzen duelako.

Liburuan zentratuz, batzuetan pertsonaiei jarraipena egitea zaila suertatzen da, baina hala ere haria oso argia da. Amaierako jatorrizko testuak ere sorpresa atsegina izan dira, tartean San Simon markesaren deialdia euskaraz.

Peio J. Monteano Sorbet: Vasconia en los siglos oscuros: De la caída de Roma al reino de Pamplona (409 – 905) (2023, Mintzoa) 5 stars

Argi-printza batzuk bost mendetako tunelean

5 stars

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko 2026ko batzar nagusian, besteak beste, Arabako Arkeologia Museoa bisitatu genuen (bisita oso gomendagarria, bide batez). Bisitan, wikilariren batek (zoritxarrez ez naiz gogoratzen nor izan zen) aipatu zuen liburua interesgarria zela Errekaleorreko millarriari (eu.wikipedia.org/wiki/Errekaleorreko_miliarria) begira geundela.

Izenburua apuntatu, herriko liburutegian liburua hartu eta irakurri dut, baita erraz irakurri ere. Doktore-tesi baten inguruan eginiko lanaren gainean eraikitako lan dibulgatzailea da. Hala, oso era zuzenean dago idatzia eta laburra izanik, azkar irakurtzen da, baina jarraitzen du lan zientifiko batetik espero daitekeen seriotasuna (eta erreferentzia bibliografiko zerrenda) izaten. Gauza asko ikasi baditut ere, azpimarratzekoa da Astorgatik Bordelerako galtzada erromatarrak izandako rol zentrala lurraldea ardazterako orduan (hortik millarriaren inguruko aipua), baita azken urteotako aurkikuntza arkeologikoek errelatoa gorpuzterako orduan izan duten pisua.

Beraz, jasotako gomendioari jarraiki, nik ere gomendatu nahi diot liburu hau gai honetan interes minimo bat izan dezakeen edonori.

Joxan Oiz Arruti: Amazurtza (Euskara language, Txalaparta) 5 stars

Donostia, 1876ko ilbeltz elurtua. Karlisten bonbapean dago hiria, periodikoak egunero argitaratzen du zenbat pepino erori …

Kokapen bikaina duen eleberri beltza

4 stars

Gustura irakurri dut. Argumentua ez-ezik, eleberriaren kokapena (bai espazio eta denboran) eta benetako pertsonak pertsonaia bihurtzea gustatu zait. Aldaketa handien garaia, dudarik gabe, eta nik liburu honetako amuari irentsita, aurretik ez nekizkien gauzak ikasi ditut Donostiako setioaren edota Whitworth sistemaren inguruan. Eskura ere izan dut planoa, Ponsolen ibilaldiak jarraitzeko. Ondo dago idatzia eta liburuaren erritmoa ere bizitzen doa, agian amaiera azkarregi etortzeraino.