User Profile

Iñigo Ibarra

Mendilarre@paperjale.eus

Joined 3 years, 6 months ago

Gustuko liburuak ekarriko ditut bertara. Modu batera edo bestera, bihotzean, koxk egin didaten horiek. 🥰 Bai, badakit, puntuazio bera eman arren, badakit guztiak ez daudela maila berean. Ez direla liga berekoak. Kontua da, bakoitzak bere neurrian nire barrenak mugitu dituela. Eta bakoitzak puntuazio altua merezi duela bere kategorian. 🌿

This link opens in a pop-up window

Iñigo Ibarra's books

Gorka Bereziartua Mitxelena: Garondoan (Euskara language, Alberdania) 5 stars

Borobila

No rating

Oso gustura irakurri dut Gorkaren Garondoan liburua. Gure Euskal Herri maitean edonork bizi izan duelako paperera moldatu duen gertakarietarikoren bat gutxienez, eta errelatoaren garaiotan halako ausardiaz gai korapilatsu honi heldu izana eskertzekoa da. Kontakizun zintzoa iruditu zait. Eta oso ongi ekarria. Egia da despistatu xamarturik ibili naizela irakurketari heltzerakoan protagonista nor zen argi ebatzi ezinda, eta atzera buelta batzuk egin behar izan ditut ohartu naizen arte egilearen hautua izan dela bi narratzaileen arteko marra fin hori ia bat bihurtzea. Erabaki interesgarria eta polita. Estilo bizia du Gorkak eta azkar egiten duzu aurrerantz pisu handiko gertaerak aisa liserituz. Agian izanen da, ahozko hizketaren nola moldeen zertzeladaz lagundu eta tartekatu dituelako protagonisten arteko elkarrizketa oroitzapenak. Dena hezur haragitu du. Hasi pertsonen sentimenduetatik, segi giro politiko eta sozialetik, tira komunikabideen jokaeretatik, etorri eta buelta sare sozialekin, eta bukatu norbere korapiloen munduan lotuta; hari mataza, maila intimoan askatuz: zer eta nola bizi izan duen …

Fertxu Izquierdo: Gari errearen urrina (Paperback, Euskara language, Pamiela) 5 stars

Garai hauetako kronika poetikoa dugu liburu hau, non egilearen bizipen pertsonalak, gizartearen bizipen kolektiboekin nahastuko …

Zuzena

5 stars

Harrigarria egin zait letra larririk eta puntu nahiz komarik gabeko egilearen hautua. Hartaz, metrailetaren tiro zaparrada bezala lehertu dira nire begietan olerkiak. Azkar. Jo eta jo. Musika dilindaka dariela handik eta hemendik. Musikak presentzia etengabea duelako liburuan. Eta gertukoak egin zaizkit poemak; xamurrak eta kaletarrak izaki. Zuzenak baitira, eta batez ere zintzoak. Nola gozoak edukian, nola bortitzak kontaeran. Eta hunkigarriak etengabe. Adibidez, joandakoen hutsunea delako oroigai, irakurriko zuten azken liburuaren akorduan, sortutako zirrara eta minean. Hainbat dira ukitu dituen gaiak. Baina batez ere gustatu zait literaturak deserriratutako pertsona eta tokiek dutela kabida orriotan. Liburu ederra Fertxuren azkena.

Maite López Las Heras: Zirtak su (Paperback, Euskara language, Alberdania) 5 stars

Zirtak su eleberri historikoa da, egiazko gertakizun batean oinarritua, egiazko pertsonaia bat protagonistatzat duena: Egeria, …

Ederra!

5 stars

Oso gustura irakurri dut Maiteren liburu berria. Eleberri historikoa da eta Egeria izeneko emakume bat du protagonista. Lehenengo pertsonan idatzia dago, izan ere, bere bidaiak kontatuko dizkigu Egeriak. Hartaz, idazkera klasikoa hautatu du Maitek narraziorako; garaiari eta protagonistari dagokion tonu, estilo eta erritmoz txukun-txukun borobilduta. Aldi berean, gaur-gaurkoa eta aberatsa da Maiteren lumaren joskura, beraz, lerro fin horren orekan aritzea asmatu duela esanen nuke. Interesgarria ere bada liburua, eleberri historikoa den heinean, mende horretako bizimodu, sineskeria eta egunerokoen berri ematen digulako. Bidaia kronika denez, elkarrizketarik gabea da Zirtak su, eta hala ere, arin eta erraz irakurtzen da. Etengabeko deskripzioen perfekzio neurtua, berriz, urregorria da. Hainbat unetan, Egeriak bizitako larritasunek, edo gertatutako ezbeharren zehaztasun deskriptibo gordinek, nire begiez ikusteraino estutu naute. Besaulkian azazkazalekin harramazkaka hasi nintekeen! Liburu polita, zalantzarik gabe.