Kritikak eta Iruzkinak

Gorka Bereziartua

gorka_bm@paperjale.eus

duela  urte 1, 9 hilabete(e)an batu zen

Literati diletantea.

Esteka hau laster-leiho batean zabalduko da

(e)k Jon Urzelai Urbieta(r)en Su Festak liburuaren kritika egin du

Jon Urzelai Urbieta: Su Festak (Susa) 5 izar

Musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak saiakera honetan, mende …

Ez da rock and rolla bakarrik

Baloraziorik ez

Musika festibalei buruzko liburuak zuretzat ez direla pentsatzen dutenetakoa bazara ere, nik uste Jon Urzelairen ‘Su festak’ irakurri beharreko saiakera dela. Berdin da oso musikazalea ez bazara, edo iruditzen bazaizu mundua dagoen bezala horrelako gaiez aritzea ez dela lehentasuna. Benetan, eman irakurri on bat: jaialdi musikal handien genealogiatik hasi (Woodstock, Glastonbury etab.), Euskal Herriko festibal eta musika mugimendu garrantzitsuenak aztertu (Larraitzeko “akelarrea”, 60-70etako kantagintza, euskal rock erradikala…) eta gaur egungo simulakroraino, unean uneko hegemonia kulturalaren ezaugarri asko eta haien eboluzioa ulertzeko gakoak eskaintzen ditu lan honek. Beste era batera esateko: pentsamendu politiko gehiago dago lerro hauetan, ustez politikaz diharduten artikulu, txosten eta analisi askotan baino. Kontua da titular klikatuenak dituen “berehalako politika”-ren aldean, korronte sakonagoei erreparatzea erabaki duela egileak, transformazio sozialak eta kulturalak harremanetan jarriz. Laburbilduz: ez da rock and rolla bakarrik, baina horrexegatik gustatu zait.

(e)k Joxe Azurmendi(r)en Europa bezain zaharra liburuaren kritika egin du (Irakurgaiak, #51)

Joxe Azurmendi: Europa bezain zaharra (Paperback, Euskara language, 2022, Jakin) 4 izar

Oharrekin eta gogoetez osatutako liburua da hau. Azurmendik Europan barrena errepidez, pentsamenduz edo literaturaz egindako …

Topikoak eta desmitifikazioak

Baloraziorik ez

Joxe Azurmendiren liburuek beti merezi dute arreta, baita, kasu honetan bezala, itxuraz obra minor bat publikatzen duenean ere. Topiko nazional eta nazionalistek Erdi Aroko eta Ernazimenduko literaturan daukaten presentziari buruzko saio honek, Azurmendiren lan trinkoagoen aldean, estilo solteagoa daukala iruditu zait, saiakera literariora hurbiltzen duena eta irakurtzeko oso gozagarria dena. Mamia ere ez da nolanahikoa: Dante, Petrarca, Makiavelo, Du Bellay, Camoes, Shakespeare eta abarren obrak errepasatzen ditu Azurmendik, haietan agertzen diren estereotipo nazionalistak detektatuz eta aztertuz. Ondorio batera iristen da irakurlea: nazionalismoa fenomeno nahiko berritzat jotzen duen iritzi-korronteari zenbait ebidentzia eskaini nahi dizkiola egileak hemen, sentimendu nazionalen sorrera (edo fabrikazioa) askoz lehenagokoa ez ote den pentsatzeko. Bereziki gozatu dut Okzitaniari buruzko kapituluarekin (ezagutzen ez nituen kontu ugari) eta Shakespeareri eskainitakoarekin: idazle ingelesa aldaretik jaitsi eta bere garaiko kide gisa agertzen zaigu orrialde hauetan. Desmitifikazio ariketa horiek beharrezkoak dira.

Olga Tokarczuk: Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Paperback, Euskara language, Elkar) 4 izar

Janina Duszejko ingeniari erretiratua eta orain ingeleseko irakaslea da Polonia hego-mendebaldeko bazter menditsu batean. Neguan …

Astroen gurutzaketa

Baloraziorik ez

Polonia eta Txekiaren arteko mugatik gertu, mendialdean erdi-isolatuta bizi den adineko emakumea da nobela honetako protagonista eta, esango nuke, nobelaren zutabe nagusia ere bera dela. Tokarczukek oso erraz bereizteko moduko ezaugarriak dauzkan pertsonaia sortu zuen lan honetan: astrologiarekin obsesionatua, ehiztarien etsai amorratua, bakartia, gauzak izendatzeko modu oso partikularra duena… Bizi den inguruan ehiztariak hilda agertzen hasten direnean abiatzen da thriller atipiko hau (izan ere, beharbada egokiagoa litzateke esatea thrillerraren osagaiak dauzkan pertsonaia-esplorazioa dela). William Blakeren testuz lagundua, heriotzaren dimentsio ugariez hitz egiten digun liburua dela iruditu zait. Bai norberaren heriotzaz (bizitzako azken urteetan daude pertsonaietako asko, izan ere), bai beste izakiak hiltzeko zilegitasunaz (pertsonen hilketak, animalienak), baina baita bizi garen inguruaren heriotzaz ere (bizi den herrixkaren desagerpenaz eta giza zibilizazioaren amaieraz behin baino gehiagotan egiten du gogoeta protagonistak). Eta gai horiek ukitu arren, umorez beteriko liburua da, sarritan atera dit irribarrea. Eskertzekoa, bide batez, mimo handiz egindako itzulpena, Amaia Apalauza …

(e)k Eneko Aizpurua(r)en Gaueko expressoa liburuaren kritika egin du

Eneko Aizpurua: Gaueko expressoa (Paperback, Euskara language, Alberdania) 4 izar

Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasun sendaezinak jarri du berriz martxan narratzailearen gogoa eta …

Muga-mugan

4 izar

Nobela oso interesgarria Eneko Aizpuruaren hau. Idazkera fin batek gure imajinarioan oso errotuta ez dagoen historia batekin egiten du topo hemen: 1970eko hamarkadan bizimodu hobe baten bila Bidasoa zeharkatzen bizia jokatu (eta batzuetan galdu) zuten migratzaile portugaldarrena. Ardatz horretan txirikordatzen dira beste zenbait gai ere: euskal gatazka, hainbat ikuspegitatik; belaunaldien arteko tentsioak, familia barrukoak; bizi osoa zamatu dezaketen erruduntasunak; prostituzioa, alkoholismoa… Gauza asko dira batera, baina kontatua dagoen moduan, bakoitzak bere lekua aurkitzen du obraren koherentzia kaltetu gabe. Nobelaren egiturak, pasarte bakoitzean pertsonaia baten ahotsa nagusitzen dela, badu antzekotasunik Rafael Chirbesen nire nobela gogokoenekin. Eta era berean, sumatzen da Aizpuruaren aurreko liburuarekin (‘Bidasoan gora’ saiakera) konexiorik. Bainaren bat jartzekotan, akaso zera aipatuko nuke: batzuetan pertsonaiak “ondoegi” espresatzen dira, haien backgrounda zein den kontuan izanda eta horrek une batzuetan egiantzekotasunari buruzko dudaren bat eragin dit. Nolanahi ere, oso kontuan hartzekoa Aizpuruaren lan hau.