Gorka Bereziartua (e)k Bertol Arrieta(r)en Diesel liburuaren kritika egin du
Heriotz ez oso solemneak
Zazpi narrazioz osatutako ipuin bilduma honetan askotariko istorioak aurkituko ditu irakurleak, baina esango nuke badirela motibo batzuk denak elkarrekin lotzen dituztenak: heriotza, adibidez, ia ipuin guztietan agertzen da; baita errutinario bihurtutako bikote harremanak ere; erreferentzia kultural dezente agertzen dira ipuinetan, gainera (ez debalde: pertsonaiak kokatzen laguntzen dute, ipuin batek eskatzen duen bat-batekotasunarekin).
Adin ertaineko jendearen bizitza ez oso heroikoetara garamatza Arrietak eta esango nuke haren narratzaileek (ia beti lehen pertsonan), oreka zail bat lortzen dutela, pertsonaien alderdi negatiboak erakutsiz, baina kontu horietan gehiegi ere errekreatu gabe.
Ipuin askotako protagonistak gizon nahiko patetikoak direla iruditu zait, baina patetismo hori umore fin baten bidez aurkezten da. Azken finean, ez ote da liburu osoa zeharkatzen duen gaia gizon heterosexualaren heriotza? Ez gara ba horrekin solemneegi jartzen hasiko altura honetara iritsita.