Francesco Pasquale eta beste
Ez engainatu! Ez da nobela bat. Ipuin bilduma bat da. Francesco Pasquale ipuin guztiak josten dituen haria besterik ez da. Batzuetan protagonista gisa ageri da, beste batzuetan aitzakia gisa.
Hiru musikari ageri dira liburuan: Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi. Francescoren garaikideak izatea da han agertzeko arrazoia. Oso joko polita proposatzen du liburuak: kapitulo banatan haien biografia labur bat egiten da, eta aurrekoan horien bizitzaren parte bat fikzionatu egiten du. Alderantziz egina testua hobeko ulertuko zen, baina ez zuen efektu bera izango! Gustatu zait.
Antzeko zerbati gertatzen da Francescorekin. Haren biografia kasik amaiera aldean agertzen da. Agian interesgarria izan zitekeen irakurketa handik hastea.
Francesco Pasquale 1825an jaio zen Sapri herrian eta Bermeon hil 1910ean. Sapri Italiako hegoaldean dago, Campania eskualdean, Amalfiko kostaldean. Napoli da Campainiako hiriburua. Bitan bisitatu dut Napoli eta bietan egin dugu txangoren bat Amalfiko kostalde horretara: Sorrento eta Positanora... Saprira ez. Ez gara horren hegoaldera iritsi. Herri ederrak dira... baina oso turistikoak. Zaila egiten zait herri horiek 1925ean nolakoak ziren imajinatzea.
Portzierto... ez du liburuarekin inolako zerikusirik baina... Ikusi al duzue "Ripley"? Aurten estreinatu den serie bat da, zeresan handia eman duena bere erritmoagatik eta zuri-beltzean grabatua dagoelako. Patricia Highsmithen nobela batean dago oinarritua. Seriean ez dute horren aipamenik egiten... baina Patricia Highsmithek hortxe kokatu zuen nobelaren parte handi bat: Amalfiko kostaldean. Filma ere bazegoen, seriea egin aurretik: "El talento de Mr. Ripley", 1999koa. Hura ere oso interesgarria.
Unai Elorriagaren estiloa gustatu zait. Irakurrita nituen haren hainbat liburu, baina ez azkenak. "SPrako Tranbia" gogoratzen nuen bereziki. Hura ere pantailara eraman zuten (erdaraz) "Un poco de chocolate" izenburuarekin.