Alex (e)k Erri De Luca(r)en Las reglas del Mikado liburuaren kritika egin du
Erri de Luca-z, miresmenez
5 izar
Ez dut gaztelaniazko libururik hona ekartzeko ohiturarik. Ez dakit zehazki protokoloak horretaz zer dioen. Inpresioa dut irizpidea dela euskarazkoak lehenestea dela, gaztelaniazkoak debekatu ez. Egia esan, oso gutxitan sentitu dut horretarako beharrik.
"Las reglas del Mikado" liburua irakurri berri dut, eta iruditu zait merezi duela hemen iruzkina egitea. Joe... maite dut Erri de Luca. Napolin jaioa. Gazte-gaztetatik Erroma aldera joanda... eta, halere, kristoren kariñoarekin hitz egiten du Napoliz. Irakurri nion aurreko liburua "Napatrida" zuen izenburua (napatrida: tristea da apatrida izatea, jaioterria galtzea... are tristeagoa jaioterri hori Napoli baldin bada). Napolierari buruz ere maitasunez hitz egiten du. Esango nuke bere liburu gehienetan dagoela hizkuntzaren aipamenen bat. Gaztetan "Lutta Continua" taldean militatu zuen... gerora mugimendu ekologistan ere bai. Mendizale porrokatua da. Liburu laburrak idatzi ohi ditu. Horrela ulertzen da horren ekoizpen zabala izatea.
Esan izan da bizitza xake-partida baten antzekoa dela, edo dadoetan jolastea bezalakoa... Erri de Lucaren ustez mikadoan jolastearen modukoa da. Zotzak bota eta jolasari ekin, zure abilezian dago gakoa: zotzak banan bana kendu, lehen bat eta gero bestea, apresuratu gabe, bat txanda bakoitzean, ondokoa ukitu gabe, mugimendu handirik egin gabe, hobe inor zurekin gehiegi ohartzen ez bada...
Liburu dida batean irakurtzen da, baina halako zapore goxoa uzten du. Zaila da liburuaren iruzkin bat egitea kontrazalean agertzen denetik harago eta espoilerrik egin gabe. Hortaz... honaino liburuaren iruzkina!
Bonus track:
Errik poesia ere idatzi du. Musikan sartu-irten bat edo beste egin du. "La musica insieme" diskoan parte hartu zuen. Bertan ageri diren abesti batzuk bere poemak dira. Hemen: www.youtube.com/playlist?list=OLAK5uy_nz6lBbM417jWzIRfEm11AQj3eEQgyjod4