Alex (e)k Andrea Camilleri(r)en Gauaren usaina liburuaren kritika egin du
GAUAREN USAINA: hainbat bitxikeria
Aurtengo udan Montalbanoren istoriei lotuta ibili naiz tarteka. Gogoa nuen bere liburu bat euskaraz irakurtzeko. Gustura irakurri dut GAUAREN USAINA.
Gogoetatxo batzuk:
- Istorio poliziakoen eskema klasikoak ondo funtzionatzen du Montalbo komisarioaren nobeletan. Istorioak lehengo pausoak eman ondoren, irakurleak bere hipotesiak egingo ditu, gerora aldatu, eraldatu eta azken kapituluetan erabat zapuztu egingo direnak. Edo ustez zerikusirik ez dute bi istorio txirikordatuko dira, kasu bera dela ohartu arte.
- Montalbanoren liburuak serie baten moduan irakurri behar direla iruditzen zait. Ez dago arazorik liburuak solte irakurtzeko, baina nabardurak galtzeko arriskua dago. GAUAREN USAINA liburuan, esate baterako, François mutikoa ageri da, aurreko kasu bateko protagonista. Agian nahi izango duzue istorio hori ere irakurri/ikusi, nobelan sakontzeko. EL LADRON DE MERIENDAS du izenburua.
- Gustatu zait liburuaren amaieraren eta Faulkerren ARROSA BAT EMYLIRENTZAT ipuinaren arteako lotura. Merezi du ipuin horri buruz wikipedian zerbait bilatzea... edo ipuina irakurtzea, euskaratuta dago eta: andima.armiarma.eus/ttut/ttut0308.htm Bitxia da: Miranderen ERESI KANTARI ipuina ekarri dit burura. Akordatzen? Ipuin hori ere sarean irakurri daiteke (kontuz spoiler): klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MirandeNarrazioak011.htm
- Montalbano komisarioak oso izaera berezia du. Agian hortik datorkio ospea eta arrakasta. Umoretsua da (askotan ironikoa, batzuetan zinikoa ere bai), tarteka malenkoniatsua, irakurle amorratua, bere lurralde siziliarraren maitale handia. Esango nuke akrata puntu bat ere baduela, hori komisario batengan arraroa bada ere.
- Berezia da Camillerik izenburuak nola hautatzen dituen. Izenburuak esanguratsuak dira beti. Ariketa polita da izenburuaren nondik-norakoa liburuan bilatzea.
- Irakurri ondoren filma ere ikusi dut (gaztelaniaz). Ongi. Jatorrizkoari ongi samar egokitzen zaio, baina laburtu beharrez, kendu egiten ditu istorioarekin lotura zuzen-zuzena ez duten guztiak. Nabardura dezente galtzen dira, baita liburuan Montalbano pertsonajearen izaera eraikitzeko Camillerik erabiltzen dituen zenbait estrategia ere.
Azterketa soziolinguistiko txiki bat
Deigarria da Italiaren egoera soziolinguistikoa. Gutxiengoen hizkuntzak eta dialektoak bereizten dituzte; "dialekto" deitzen dituzten horiek hizkuntza-aldaera beregainak izateko baldintza guztiak badituzte ere. Hizkuntzak dira, ez dialektoak; eta haiek badakite.
Camilleriren idazkera berezia omen da bere liburuetan sizilieraren elementu asko txertatzen dituelako. Horrek nola eragiten dio itzulpenari? Imajinatzen dut kasu gehienetan elementu horiek itzulpenetik desagertu egingo direla... salbu eta aniztasun hori pertinente bihurtzen denean.
Elkarrizketa hau ikusi, jatorrizkoan testuan:
«Sei andato per François?». «Sì». «Sta male?». «No». «Allora perché ci sei andato?». «Avevo spinno». «Salvo, non cominciare a parlare in dialetto! Sai che in certi momenti non lo sopporto! Che hai detto?». «Che avevo desiderio di vedere François. Spinno si traduce in italiano con desiderio, voglia. Ora che capisci la parola, ti domando: a te non è mai venuto spinno di vedere François?». «Che carogna che sei, Salvo». «Facciamo un patto? Io non uso il dialetto e tu non m’insulti. D’accordo?»
Gaztelaniaz honela itzuli zuten:
–¿Has ido por François? –Sí. –¿Está enfermo? –No. –Pues entonces, ¿por qué has ido? –Tenía spinno. –¡Salvo, no empieces a hablar en dialecto! ¡Sabes que hay momentos en que no lo soporto! ¿Qué has dicho? –Que deseaba ver a François. Spinno significa deseo, ansia. Y, ahora que ya conoces el significado de la palabra, te pregunto: ¿tú nunca has tenido spinno de ver a François? –¡Qué cabrón eres, Salvo! –¿Hacemos un pacto? Yo no hablaré en dialecto y tú no me insultarás. ¿De acuerdo?
Euskaraz ere berdintsu egin zitzaketen: "spinno" nuen edo halako zerbait esan. Baina itzultzaileak bestelako estrategia hartu du. Ikusi, ikusi:
– François ikustera joan zara? –Bai. –Gaixo al dago? –Ez. –Zergatik joan zara, hortaz? –Nahituta nengoen. –Salvo, ez hasi orain dialektoz hitz egiten! Badakizu batzuetan ezin dudala onez eraman! Zer esan nahi duzu? –François ikusteko gogoa nuela. Nahituta esateak gogoa izatea, nahi izatea esan nahi du. Eta orain, ulertzen duzunez, zuri galdetzen dizut: zu ez zara egon François ikusteko nahituta? –Zein zerria zaren, Salvo! –Tratu bat egingo dugu? Nik ez dut dialektoz hitz egingo eta zuk ez iraindu. Ados?
Zer iruditzen zaizue? Estrategia egokia iruditzen zaizue? Portzierto... Filmean ez da pasarte hau agertzen.