Alex (e)k Karmele Jaio Eiguren(r)en Maitasun kapitala liburuaren kritika egin du
Bikaina
Zenbait balorazio: • Liburu bikaina. Ederki idatzia. Azkar irakurtzeko modukoa, kalitatean ezer galdu gabe... • Deserosoa, zer pentsatua ematen duena... • Intriga puntu egokia... • Aipamen ugari arte(et)an maitasuna nola islatua izan den... Interesgarria.
Hainbat galdera: • Maitasunaren atzean ez ote dago, sarritan bakarrik egoteari beldurra izatea? • Maitasun-ideologia ezberdinak existitzen dira? Horri buruzko azterketarik egin da inoiz? • Maitasun erromantikoa kaltegarria da? Emakumeen aurkako indarkeriaren aliatua da? • Zein da alternatiba? Maitasunean sinisteari uztea eta bere existentzia bera ukatzea? Ala maitasuna berrasmatzea? • Posiblea da, feminismoa lagun, bestea suntsituko ez duen maitasun bat irudikatzea?
Esaldi borobil batzuk:
"Bizitzak banatzea bezain zaila da etxe batean urteetan pilatutako liburuak banatzea." "Mende honetan hiru izan dira asmakizun onenak, dudarik gabe: Tinder, satisfyer-a eta itzultzaile neuronala. Zenbat denbora aurreztu diguten hirurek..." "Harreman betea izateko zerbait falta zitzaion: denbora" "Indarkeria era askotara mozorrotu daiteke. Eta maitasuna gauza asko estaltzen dituen pintura lodia bihur daiteke." "Pertsona bat maitatu ahal izateko, lehenik zuhaitz bat maitatzen jakin behar da, arroka bat, hodei bat..."
Liburua irakurtzen ari nintzela Cira Cresporen artikulutxo bat topatu nuen berria egunkarian. Komedia erromantikoak gustukoak zituela zioen, tarteka, horien atzean pornografia emozionala ikusten bazuen ere. Deigarria egin zitzaidan. Hemen irakur daiteke: www.berria.eus/kultura/maitasuna-egia-da_2118937_102.html
Aitortuko dut. Nik ere gustura ikusten ditut komedia erromantikoak. Rafaela Carra ere gustukoa dut. Nork bere kontraesanak bizi ditu! Eta bai... Ederra litzateke, hil aurretik, inor zoriontsu egin duzula sentitzea.