Itzuli

(e)k Jon Gerediaga(r)en Zeru-lurren liburua liburuaren kritika egin du

Jon Gerediaga: Zeru-lurren liburua (Euskara language, 2023) 4 izar

2023ko Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariaren irabazlea Poesia liburu ugari ditu egileak eta, bere azkenekoetan …

Natura (g)urtu

Baloraziorik ez

Gauza kuriosoa da irakurketak zelan gurutzatu daitezkeen ikustea. Gerediagaren "Zeru-lurren liburua" irakurtzen nengoela Mauro Entrialgoren "Malismo" ere hartu nuen eskutan eta haren hasierako Ursula K. Le Guinen aipuak ("Conocer el nombre significa controlar a la cosa") Arrate Hidalgok (UKLGen 'intensita' bat, bere hitzetan) "Oihan hitzean mundua"rako idatzitako hitzaurrera.

Arrateren hitzaurre horretan esaten denez, Ursulak zientzia eta poesiaren arteko harremana definitu zuen lehenak kanpotik zehaztasunez deskribatzen duela adiraziz eta bigarrenak barrutik zehaztasunez deskribatzen duela.

Jon Gerediagak ere Ursula K. Le Guinen mundua hitzaren bitartez deskribatzeko gogoa partekatzen du eta bere poesia lan osoa bihurtu du grina horren erakusle. Poesia lan osoa dinot liburu berri honek ez baitakar hausturarik bere aurreko produkzio poetikoarekin. Agian poemak destilatuagoak daude oraingo honetan (egia esan, Aitor Francosek aipatu ezean, ez nintzen ezta konturatu egingo poema guztiak hamar lerrokoak direnik [1]) baina bai gai zein doinu aldetik, liburu ezberdinen poemak trukagarriak direla iruditzen zait.

Hori baita egilearen asmoa; naturari izen egokia jartzea inguruko anabasa ulerkorragoa suerta dakigun eta bizitzarekin berradiskidetu gaitezen. Kontenplazioaren bidea iradokitzen digu naturan urtu gaitezen, kanpokoarekin bat datorren barne-espazio bat sortu hitz poetikoa baimentzen duena.

Liburua atal bitan banatu du bide horretako mugarri bezala. Lehenengoan, "Zoéren izenak", naturan murgiltzen gaitu. Antza denez, Zoé izen grekoa da bizitzaz betetako oparotasuna adierazten duena. Irautera bideratzen den mugimendu geldoa baina etengabea eta ziklikoa agertzen zaigu atal honetan, edozein bukolikotasunetik edo sinbolismotik ihes eginez, aspalditik datorrenaren berdina baina, aldi berean, diferentea den bizi berri baten promesa aurkezten zaigularik (niri, behintzat, hastera doan udabarriaren antza hartu diet poemei. Asko gustatu zait, adibidez, harriaren ertzak biguntzen duen goroldioaren irudi mentala). Agertzen den paisaiak ez du egile aktiborik behar aurrera jarraitzeko, bere baitan bildurik dagoela iruditu zait.

Bigarren atalean, aldiz, giza bihotza agertzen zaigu natura horretan kokaturik. "Olerkarien liburua" deitu du bigarren hau eta ez dirudi kasuala denik bertan jainkoen aipamenak ager daitezela lehenengoz liburuan zehar. Sakrizio odoltsuak eskatzen dituzten apaizak edo hiri destainariak ere ikus daitezke bertan, agian natura eta soiltasunaren ifrentzu bezala aurkeztuta. Gustatu zaizkit (zu baino handiagoa den) natura eta bakoitzaren barruko txingar bizia jagotzeko eskari hori baina orokorrean ezin izan diot hasierako poemen erritmoari eutsi. Kontuan izateko, baita ere, atalen hasieran agertzen diren pintoreen aipuak (Cezánne eta Shitao). Artistaren begiradak lagunduko digu inguratzen gaituenan urtzen (eta gurtzen).

[1] Kritika Armiarman: kritikak.armiarma.eus/?p=8937 . Jatorrizkoa Bilbao hilabetekariaren Pérgola gehigarrian (pdf) www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/56842/pergola06.pdf