Jokin aipatu zuen Danele Sarriugarte(r)en Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Edukiari buruzko abisua 90-91. orrialdeak
Oraindik badaukat zure egunerokoa. Eta zure argazki bat ere gordetzen dut, marko batean jarrita: niri begira zaude, lanean ari naizen bitartean. Nire zereginean jarrai dezadan, behiala biok sinetsi genuen zeregin horretan. Idazteko, artea egiteko, bitartekoak egiteko, iraultzaren alde, edozein itxura hartzen duela ere. Maite zenuen beste gauza hori maite dut oraindik. Mundua maite zenuen, eta munduan dagoen guztia eta izan daitekeen guztia. Beharbada fedea galdu nuen, eta ez dut sinesten irabaz dezakegunik. Baina munduarekiko maitasuna ez dut inoiz galduko. Ez dut hutsik egingo. Ezin dut hutsik egin. Zureganako maitasunari huts egin banion ere. Mundua sendatzeari huts egiten badiogu ere.
Eta, inoiz maitatu badut, eta maita nazaten aukera eman badiot neure buruari, zu hor zaude pixka bat. Espektatibarik gabe maitatu behar du batek. Itxaropenik gabe amore eman behar du, eta, orduan, maitasuna beldurgabea izango da. Maitasunean ez dago beherapenik. Ez dago trukerik, ez dago transakziorik munduarekin. Ematen saiatzen gara eta huts egiten dugu, ordainagiririk gabe. Gure burua gainditzeko eta irekitzeko gaitasunean sinesten dugu; joateko eta joaten uzteko gaitasunean. Maitasunean ez dago amaiera zoriontsurik. Izan daitekeena izan zeneko uneen oroitzapenak besterik ez. Galeraren oroimenaz gainera, beste oroitzapen horiek daude, emandako guztiaren oroitzapenak, sentitzeko zailak batzuetan. Eman zaiguna onartzea izan daiteke munduko gauzarik latzenetako bat.
«Maitasuna ez da nahikoa», esan zenidan, nahiz eta, batzuetan, gehiegi ere izaten zen zuretzat. Ez da nahikoa mundua salbatzeko.
— Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza, Danele Sarriugarte, McKenzie Wark (90. orria - 91)