Galtzagorri elkartea (e)k Care Santos(r)en Gezurra liburuaren kritika egin du
Galtzagorri elkartearen iruzkina (Liburu Gaztea egitasmoa; Imanol Mercero)
Sare sozialetan eraikitzen diren harremanen balizkotasuna erdigunean jartzen duen eleberri epistolarra da, gaur egungo gizartean girotua. Eta badu hausnarketa sozialerako tartea ere, ikusiko dugunez.
Harreman birtualek pizten dituzten galderak eta zalantzak arakatzen dira, erantzun posibleen bila. Horretarako, kontakizuna gaur egungo nerabeen unibertsoan kokatuta egonda ere, ezin dugu ahaztu historian zehar izandako idatzizko harremanek ‒literarioek, zein esperientzialek‒ baldintzatuko dutela gure irakurketa.
Testuinguru birtualetan elkarrenganako konfiantzak eraikitzen duenez harremana, iruzurrerako dagoen tartea izango da zalantza nagusietako bat, baina ez bakarra: idealizaziorako dugun joera “naturala”, norbere burua babestearen garrantzia, azalpen zaileko kontuek esanarazten diguten gezur txiki “onberak”, esaten ez dena zein garrantzitsua den “egia” eraikitzeko...
Bestalde, hausnarketa sozialari dagokionez, gizarte desberdintasuna da gai nagusia. Jaiolekuak gure etorkizuna nola baldintzatzen duen erakutsi nahi zaio irakurleari, eta bidegabekeria ugariren iturburua izaten dela erakutsi. Nabarmentzen zaigunez, zuzenbide penalaren okerreko erabilerak areagotu besterik ez du egiten bazterrean bizi direnen miseria, gizarte laguntza eskaini beharrean kartzela ardatz duen zigor sistemara kondenaturik.
Liburua hiru ataletan banatuta dago, luzera oso desberdinekoak: (I) Salinger 84 orrialde; (II) Holden 150 orrialde; (III) Ahateak neguan 14 orrialde.
Lehen atalean narrazioaren fokuan Xenia dago, bi protagonista nagusietako bat. Xeniak irakurleoi hitz egiten digu, lehenaldian, gertakariak berriki jazotakoak izan diren inpresioa eraginez. Atal hau hamahiru kapitulutan banatuta dago.
Bigarren atalean fokuz aldatzen da. Bigarren protagonista nagusia, Erik, Xeniari zuzentzen zaio gazteen kartzelatik. Azalpen hauek ere gutun bidezkoak dira. Hala ere, esan beharra dago gutun hauetako askok irakurketa arintzen duten elkarrizketak tartekatuta dituztela, nahiz eta honek gutunen berezko izaerari traizio txikia egin. Erikek bere bizitza kontatzen dio Xeniari, haurtzarotik orain arte, bereziki kartzelan egotearen arrazoia argitzeko. Atal hau hogeita zortzi kapitulutan banatuta dago, gehienak oso laburrak.
Hirugarren eta azken ataltxoa Xeniak Eriki kartzelara egiten dion bisitaren kronika da. Narratzailea Xenia bera da.