Itzuli
Aintzane Usandizaga, Aran Santamaria: (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke (Hardcover, Euskara language, Pamiela) Baloraziorik ez

"(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke" Aintzane Usandizagaren hitzen eta Aran Santamariaren irudien bitartez josten …

Galtzagorri elkartearen iruzkina (Liburu Gaztea egitasmoa; Imanol Mercero)

Baloraziorik ez

Liburuak irakurtzeko ohiko moduak ez dira nahikoa kasu honetan. Eskaintza literarioa duen obra bat denik zalantzan jarri gabe, irakurketa gehiago hurbiltzen da arte-lan baten aurrean dugun komunikazio modura: irakurle behatzailea zein liburu behatua, bakoitza bere "zirkunstantzien" jabe izanik, elkarri begira jarrita galdetzen diote esateko dutena.

Liburu honetan irakurleak hiru solaskide topatuko ditu. Lehenik eta behin Esther Ferrer topatuko du, haren obraren itzalak sortutako mintzakidea, neurri handi batean irakurleak aurretik artistarekin izan dituen esperientziak/solasaldiak abiapuntu hartuta, han eta hemen, guztian edo parte batzuetan topatuko du.

Bigarrenik, liburuaren egile diren Usandizaga eta Santamaria topatuko ditu irakurleak. Bi sortzaile horiek gaiari buruz adierazi nahi izan duten hausnarketa, beren bereak diren baliabide literario eta plastikoen bidez, dela testua dela ilustrazioa, Esther Ferrer-ez esateko dutena (esateko dutenaren parte bat bederen) islatzen duelako liburuak. Honela interpretatu behar baititugu liburua sortzeko aukeratu dituzten gaiak, gidoia osatzeko aukeratu dituzten estrategiak, hitzak eta irudiak.

Hirugarrenik irakurketa berri bat topatuko dugu. Kasu honetan ez dio hainbeste axola ez Esther Ferrerren, ez Aintzane Usandizagaren, ezta Aran Santamariaren esanak ere. Liburuaren izate osoa da eta buruaskia. Liburua irakurtzean, beste edozein album ilustraturekin dugun komunikazioa gertatuko da. Hirugarren elkarrizketa gunea izango da guk, irakurleok, "Esther Ferrer eta denbora" liburuarekin edukiko duguna. Zeren inspirazio iturria eta egileen asmoak gaindituta, liburu hau ez da ez inoren ez ezeren menpeko: liburu hau artelan bat da, literatur lan bat, plastika lan bat, komunikazioa pizten duen solaskide bat, beste askoren artean, bat.