Itzuli

(e)k Miren Agur Meabe(r)en Itsasoaren Atea(r)i buruzko iruzkina egin du

Itsasoaren Atea (Paperback, Euskara language, 2021, Elkar) 5 izar

1870eko negua. Aitak bapore batean utzi du Elora Duval, Ubarroien Uhartera bidean. Hamahiru urteko neskatxari …

Garapen pertsonala eta misteriozko gertaerak uztartzen dituen nobelatxoa da. Iragan ez hain urrun batean gertatzen da, uharte gutxi populatu batean. Agerian erakutsiko zaiguna bizileku berri batera doan neskatoa da, amaren eta amonaren iragana deskubritu ahala bere burua ezagutzen hasiko dena. Familiako iraganak norbere hazkuntza pertsonalarekin duen loturaz hausnartzen du. Zintzotasuna edota eskuzabaltasuna bezalako baloreak aldarrikatzen dira balio unibertsal gisa, fokua ahizpatasunean ezarrita ‒narrazio honetako emakumeek darabilten balorea‒, edozein delarik ere euren jatorria edota lekua gizartean, babes mekanismo gisa. Kontakizuna garatzeko lau hari narratibo paralelo proposatzen dira: neskatoaren amaren iragana, amonaren dohain sendatzaileak, uhartean gertatu ziren maitasun drama misteriotsuak eta, laugarrenik, handik eta hemendik kaltea eraginez dabilen gizatxartua. Hariak txirikordatuta eskaintzen zaizkigu, orain hau gero bestea, protagonistaren bizipenen arabera, era kronologikoan. Dituen ehun orrialde justuak hogeita bost kapitulutan banatuta daude. Prosa arina erakusten du, menpeko esaldien gehiegizko erabileratik urrun, baina errazkerian erori gabe. Lexiko eta molde linguistikoetan aberatsa da, xehatutako formak saihestuz, zehaztasunaren eta adierazkortasunaren mesederako. Beraz irakurketa erraza da, atalek ematen duten arnasaren eta prosaren arintasun sintaktikoaren eraginez eta, aldi berean, irakurlearen hizkuntza gaitasuna eskatzen duena aberastasun semantikoagatik.