Alex (e)k Javier Martínez Reverte(r)en Canta Irlanda liburuaren kritika egin du
Irlanda ezagutzeko gida-edo
Astebete eman dugu oporretan Irlanda. Liburua horregatik aukeratu nuen. Bertara joateko asmorik baduzue oso gida interesgarria izan daiteke (baina ez bakarra).
(a) Historia. Irlandako historia lantzen du labur-labur: zelten eta normandoen garaia; Armada Invencibleren porrota, irlandarrak laguntzera joan zenean; irlandar pobreen (eta katolikoen) zapalkuntza; Pazkoako altxamendua eta geroko gerra; irla bi zatietan nola zatitu zen eta geroko gerra zibila…Agian komeni da beste erreferentzia batzuk izatea, historiaz sakontzeko. Nik neuk “El Abrazo del Oso” podcastaren 2 kapitulu erabili ditut horretarako (5 ordu kasik). Oso didaktikoak iruditu zaizkit.
(b) Literatura. Zenbat nobel sari irabazi dute idazle irlandarrek? 4 bat? Horretaz ere luze jardun du liburuan. Irlandak bere idazleak maite ditu. Baten bat nabarmentzekotan 3 aipatuko nituzte nik: Yeats, James Joyce eta Brendan Behan. Yeats-i buruz ezer gutxi nekien, Joseba Sarrionandiak itzulitako poema batzuk besterik ez. Susak badu poema-bilduma bat euskaratua. Pendienteen zerrenda sartu dut. James Joyceren Ulises liburuari buruz broman egin ohi dira: Quijoterekin bezala gertatzen omen da; denek ezagutzen dute baina inortxok ez du irakurri ;-). Neu ere ez naiz Ulises-ekin nimatuko, baina Dublindarrak irakurtzeko asmoa badut (hori ere euskaraz dago). Brendan Behan, azkenik, figura bat da… “Mi Isla” irakurri nahi nuen joan aurretik baina ez nuen alerik lortu. Revertek parrafo batzuk ekarri ditu bere liburura eta gustura. Horren ordez Txalapartak argitaratu zuen “Confesiones de un Rebelde Irlandés” irakurtzen ari naiz tarteka.
(c) Musika. Izenburuak ondo adierazten duen bezala, musika zentrala da liburuan. Kapitulu bakoitzean 1-2 kantu aurkezten ditu, kapitulu horretan lantzen den gaiari lotuta (gehienak kantu tradizionalak). Erreproduzio-zerrenda bat egiten hasi nintzen youtuben baina ez nuen amaitu. Horren ordez, nahi beste zerrenda bilatu daiteke sarean. Horiekin ibili naiz egun hauetan. Egia da kontatzen dena: Irlandan musika nonnahi dago: kalean eta pubetan batez ere. Gozatu dut Irlandako musikarekin. Horretan sakontzeko gogoa piztu zait. Hiru aurkikuntza aipatuko nituzke: diska bat (Chieftains taldearen “The Long Black Veil”) ;musika-talde bat (Amble) eta liburu bat (nothing compares to you, Sinead O’Connor abeslariari buruz, aeroportuan eskuratu nuen).
Irlandari buruz oso irudi malankonikoa nuen. Badu halako zerbait baina bizipoza ere nonnahi ikusten da. Gozatu dut Irlandan.