Itzuli

(e)k Mari Luz Esteban Galarza(r)en Andrezaharraren manifestua liburuaren kritika egin du

Mari Luz Esteban Galarza: Andrezaharraren manifestua (Paperback, 2019, Pamiela argitaletxea) 5 izar

Zaharrak baleki

4 izar

ATSOtitzak dio: gazteak baleki, zaharrak baleza Kontrara ere berdin da egia: gazteak baleza, zaharrak baleki

Lanean, nire adineko lankideak zenbakiak egiten hasi dira, erretirorako zenbat falta zaien jakiteko. Euskaltegi garaiko ez-dakit-zenbat-urte ditut nik, kotizatu gabeak. Kezka horiek urruti ikusten ditut oraindik ere. Gaztetako prekarietateak gaztetzen nau oraindik ere.

Zahartzaroari lotuta, Xabier Leteren abesti bat izan dut beti buruan:

Ez nau izutzen negu hurbilak
uda betezko beroan 
dakidalako irauten duela 
orainak ere geroan.

Akordatzen?

Alzeimerra izan duenik ezagutu dut gertutik. Gogorra da norbera izatearen kontzientzia nola galtzen den ikustea: iragana geroan ez irautea.

Berria egunkarian irakurri dut espazioaren ulerkera aldatu egiten zaigula zahartzarora iristen garenean. Txikiagotu egiten zaigu. Gertutasuna bilatzen dugu: espazio ezagunak, eta txikiagoak. Zahartzaroa birpentsatu beharra dago: gaur egun zaharra izatea zer den birpentsatu, desestigmatizatu eta errealitate berriak diseinatu. Artikulu honetan irakurri dut: www.berria.eus/lurraldeak/bizkaia/zahartzaroari-inoiz-baino-arbuio-handiagoa-diogu_2137268_102.html

Gustatu zait Andrezaharraren Manifestua. Manifestu bat zer den?

Manifestu bat da
zure garaiaren eta zure gizartearen
Arrazoiaren aurka idaztea 
lehio bat zabaltzea etorkizunera

Subjektu berri baten aldarria da Andrezaharraren manifestua; andrezaharra subjektu gisa:

  • Askotarikoa da, zahar izatera iritsi diren emakume libreen fusioa. Litekeena da alaba bat ukaitea, baina ez da "inoren" ama. Za-ha-rra dela aitortzen du... erretiratua, des-okupatua; arinagoa, alegia.

  • Andrezaharrak bizitzaren saminak pilatuak ditu; kalea okupatzea beharrezkoa dela ikusten du; jabeturik dago adinaren eta denboraren zamaz. Inoiz baino ozenago sentitzen ditu aditzak modu pasiboan bizitzeko beharra: zaindua izan, laztandua izan, mimatua izan, errespetatua izan...

Badago zahartzaroaz gogoetatzeko beharra. Nik behintzat hala sentitzen dut. Poesiak horretan lagun dezake:

poesiaren funtzioa
hiztegia berridaztea da
deserosotasuna erein
harridura elikatu
/.../
argi bat piztea iluntasunean