Alex (e)k Cira Crespo Cabillo(r)en Euskal herriko 40 emakume liburuaren kritika egin du
% 30 inguru
3 izar
Jakin aldizkariaren udako ikastaroan egon da Cira Crespo, gatazkaz eta memoriaz hitz egiten. Gustatu zitzaidan hitzaldia.
Egunkaritik, Argiatik, Jakinetik... ezagutzen nituen bere testuak... oro har gustura irakurtzen ditut. Horregatik animatu nintzen haren liburu bat bilatzera. eliburutegia-n hauxe topatu nuen. Deigarri egin zitzaidan "irakurketa erraza" etiketapean argitaratu izan.
Eta bai... erraz irakurtzen da. Istorio txikiak kontatzen ditu, biografia apalak... baina ondo betetzen du bere funtzioa: Euskal Herriko 40 emakume ezagutzera ematea... Edo ez! Cirak tranpa txiki bat egiten du: protagonista izatea merezi zuten 32 emakume eta 8 emakumezko protagonista kolektibo: emakume baserritarrak, langileak, kazetariak, neskameak, erraketistak, sardinerak, saregileak eta zamaketariak.
Aitorpen txiki bat: 32 emakume horietatik izenez 9 besterik ez nuen ezagutzen: % 30. Kontxo... alde horretatik zer landu.
Gogoan dut Gasteizko Udalak emakumezkoen kale-izenei buruzko lantxo bat egin zuela, orain dela urte batzuk. Errekuperatu beharko nuke, begiradatxo bat emateko. Gogoan dut, halaber, Marisa Barrena wikipedian egiten ari den lan mardula. Eskertzekoa da. Inaurri-lana da, baina behar-beharrezkoa.