Itzuli

(e)k Reinhold Messner(r)en Zain dezagun mendia liburuaren kritika egin du

Reinhold Messner: Zain dezagun mendia (Euskara language, Sua) 2 izar

Reinhold Messner mendizale ospetsuak lau haizetara zabaldu nahi du bere deia: zain dezagun mendia. Zaindu …

Mendizaletasuna, ekologia, mendiko literatura eta abar

2 izar

Liburuaz

Egia esan, askoz gehiago espero nuen. Beti egin zait deigarria Reinhold Messner-en figura, baita bere etika ekologista ere... Liburu honetan, ordea, "monotematikoegia" iruditu zait. Liburua eskuartean baduzue, Ramon Olasagastiaren epilogoa irakurri. Merezi du. Libururen zatirik onena da... eta ederki laburtzen du liburuaren mamia: "Oso-oso gutxi dira Messnerrek egindakoak eta batez ere egindako eran egiteko gai direnak, baina hark egindakoa egiten ari direlakoan daude: zortzimilakoak igotzen Everest otzanduetan. Bakanak dira Kilian Jorneten ahala dutenak, baina hark egiten duen gauza bera egiten dabiltza: mendiko lasterketak korritzen, zidor eta mendi gero eta maiztuago eta masifikatuagoetan".

Messner-en ustez, ez da komeni mendia "banalizatzea" eta denon eskura dagoen "parke tematiko" bihurtzea. Mendizaletasunaren akabera litzateke hori.

Mendizaletasunaz

Messner-en planteamendua geure unibertso txikira ere ekarri ahal dugu. (Ia) igandero mendira joaten den mendizale horietako bat naiz, igandero mendia inbaditzen duten domingeroez kexu ;-)

Ideia deserosoa egiten zait: nor naiz ni nirea mendizaletasuna eta besteena domingerismoa dela esateko? Jende-pilaketatik urrun dauden ibilbideak hautatzen ditugu gehienetan, baina beti ez da posible izaten. Oraindik posible da Gorbeiara igotzea bidean (ia) inor ikusi gabe... baina gurutzera hurbildu ahala... akabo!

Hizkuntzaz

Txikitatik bidaiei eta mendiei buruzko liburuez inguratua egon naiz. Anaia mendizale porrokatua zen. Izugarri maite zituen liburu horiek. Tarteka hartzen nituen, baina irudietan zentratzen nintzen gehiago, testuetan baino. Besteak beste, Miguel Anguloren liburuak gogoan ditut: liburu praktikoak ziren, mendietara igotzeko ibilbideak emateko sortuak... baina bazuten erromantizismo puntu bat. Mendimina eta naturamina.

Liburu horiek gehienak gaztelaniaz idatzita zeuden... Euskarara ekarritakoak ere baziren batzuk, baina ez zuten kutsu bera. Naturarekiko lilura hori hizkuntzara ekarrita beste idazleengan aurkitu dut: Juan Kruz Igerabide edo Pello Zabala, esate baterako. Ramon Olasagasti ere aurkikuntza bat izan da. Eskuratu beharko dut haren testu gehiago!

Mendiko literaturaz

Oraindik ere Pyrenaica aldizkaria jasotzen dut aldiro. Irakurtzen dut, baina besterik gabe. Oxigeno eta Desnivel ere eskuartean izan ditut sarritan. Tarte honetan mendiko literatura ere deskubritu dut, letra larriz. Desnivel editorialak baditu nobela interesgarri gutxi batzuk; baina nik neuk bi idazle aipatuko nituzke bereziki: Paolo Gognetti eta Erri de Luca, biak ala biak italiarrak.

Erri de Luca mundiala da. Ez dizuet bere bizitza kontatuko, baina nobela baten argumentoa dirudi (nahi izanez gero, wikipedian arakatu). AHTaren aurka agertu eta auzitegietan hainbat gorabehera izan zituelako ezagutu nuen. Horren inguruko gogoetak "La palabra contraria" izeneko liburuan jaso zituen. Mendia sarritan ageri da bere liburuetan. Hiru aipatuko nituzke bereziki: "Imposible", "El peso de la mariposa" eta "Tras la huella de Nives". Bere azken liburuan ez da mendia ageri (beno, bai... Vesubio dago bertan omnipresente): "Napatrida: volver a Napoles" liburuan bere jaioterriaz jardun du. Bikaina da. Joe... Napoli zenbat maite dudan!

Paolo Cognetti askoz monotematikoa da. Bi liburu aipatuko nituzke: "Las ocho montañas" eta "La felicidad del lobo". Horietatik lehena pantaila handira eraman zuten, duela ez asko. Ramon Olasagastik berak aipatzen du epilogoan. Liburua irakurria dut. Filma eskuratu nahi dut, Gabonetan ikusteko.