Jokin Azpiazu Carballo (e)k PABLO SALGADO MÉNDEZ(r)en LA SECTA liburuaren kritika egin du
Euskal Herriko ezinbesteko taldeari buruzko liburu mardula
3 izar
Aste hauetan irakurri dut liburua, Durangoko azokan erosi ostean (duela bi urteko nobedadeak azokan erostea baino gauza hoberik ez dago). Dokumentazio lana bikaina da, diska guztien azalak eta detaileak ondo bilduta, taldearen aro bakoitzeko gora-beherak xehetasun handiz... Presentazioa era ikaragarria, oso diseinu egokia, kalitate oso ona paperean, argazkiak eta irudiak ondo txertatuta, azala serigrafiatua eta berarekin batera taldearen single berria opari... Alde horretatik pasada bat. Testua da hain ondo ez dagoena. Susmoa dut ez dela kanpo-edizio lanik egon, eta akats ugari aurkitu daitezke, tipografikoak eta ortografikoak, errepikapen batzuk... Erregistroa ere arraroa da, tarteka kazetaritza testu bat dirudi, tarteka gehiago fanzine-estiloko zaletu batena... Ziur aski biak dira egoki, baina batzuetan nola nahasten diren arraroa egiten da. Pena da, badiot, beste dena ikaragarri ondo dagoelako. Edonola ere, erabat gomendagarria ulertu nahi duenarentzat talde klabe horren ibilbidea, 80. hamarkada bukaera eta 90.enaren hasieran gauza oso xelebreak egin zituena: EEBB, EB, Frantzia eta Suedian diskoak kaleratu, nazioarte mailako produktore underground aipagarrienekin diskoak grabatu edo, Euskal Herrian apenas inork horien inguruko notiziarik zuen garaian Suicide, Spacemen 3, T-Rex eta Scientist taldeei omenaldia egin EP ikargarri batean. Gora La Secta.