Dabid (e)k Joan Mari Irigoien(r)en Babilonia liburuaren kritika egin du
Irakurle askok esaten dute ez dutela liburu gogokoenik
5 izar
Irakurle askok esaten dute ez dutela liburu gogokoenik. Nik bi ditut. Egia da liburu kuttun gehiago ditudala, baina galdetzen didatenean esaten dut nire liburu gogokoenak Harper Leeren "To Kill a Mockingbird (Matar a un ruiseñor)" eta John Steinbecken "The Grapes of Wrath (Las uvas de la ira)" direla. Bada, uste dut hemendik aurrera hasiko naizela esaten "Babilonia" nire liburu gogokoenen artean dagoela.
Zergatik? Erabat liluratuta utzi nauelako. Nire ustez, gauza on asko ditu, zure etxean bezala sentitzeko girotze aparta, irakurketa oso dinamikoa eta adiktiboa egiten duten narratzaileak, eta aurkezten digun aldi historikoari dagokionez, erakarri nauen istorioa. Beste gauza askoren artean.
Elementu batzuk aipatzearren, girotzeari dagokionez, esan behar da 190 urte baino gehiago pasatu direla nobelaren istorioa kokatzen den garaitik, hala ere, ez da zaila Bedania eta Babiloniako atmosferan sartzea, nire uste apalean, zoragarri deskribatuta dagoelako. Narratzaileei dagokienez, bereziki gustatu zait Kaxiano, oso erraza baita harekin konektatzea, "To Kill a Mockingbird (Matar a un ruiseñor)" liburuaren Scout eta Jem-en antzera. Eta pertsonaiei dagokienez, Kaxiano eta Klemente dira nire gogokoenak. Kristautasuna eta euskal mitologia nola nahasten dituen asko gustatu zait eta trenaren baliabideak asko laguntzen du etorkizunera begira jartzeko irakurlea, azalpen sozial konplexuetan sartu beharrik gabe. Ulerterraza da.
Nobela honek gauza "txar" bakarra du, baina argi dago Joan Mari Irigoienek bilatzen zuela liburua irakurtzen hasterakoan pixka bat galduta sentitzea irakurlea. Lehenengo 20-30 orrialde horiek, nor den nor identifikatzea lortu duzun arte, sarbide zailekoak baitira, nire ustez. Baina haizeak nondik jotzen dizun ondo jakin gabe, eroaten uzten bazara, liburu zoragarri baten barruan sartuko zaitu.
"The Grapes of Wrath (Las uvas de la ira)" irakurri duen edozeinek badaki bere amaiera apoteosikoa dela; izan ere, Babiloniaren amaiera, nire iritzi apalean berriro ere, maila berean dagoela iruditu zait.
Baleude, sei izar emango nizkioke. ;-)