Itzuli

(e)k Inaki Irazabalbeitia(r)en Uda guztiak eztituk berdinak, Isi liburuaren kritika egin du

Inaki Irazabalbeitia: Uda guztiak eztituk berdinak, Isi (Paperback, Basque language, 1995, R & B Kriselu) 4 izar

Euskarazko zientzia fikziozko lan kuriosoa

4 izar

Hasiera oso gertukoa egin zait, ondo ezagutzen ditudan lekuetan hasten delako: orain Iametza eta Antza dauden Lasarte-Oriako industrialdeko pabiloia, garai hartan Euskaldunon Egunkariaren egoitza izandakoa, eta handik metro gutxira dagoen Txartel hoteleko kafetegia.

Duela gutxi irakurri nuen idazle honen 'Arrotza paradisuan' lehen liburua bezala, hau ere zientzia fikziozkoa da. Kritika egitean protagonista nagusietako batek Futuramako Zapp Brannigan gogorarazi zidala esan nuen. Honetakoa ere ildo berekoa da, emakumezko pertsonaia batek "kazetari txoriburu neskazale" gisa definitzen du.

Istorioari dagokionez, hasieran erakargarria egin zait, gero klimaxera iristean hartzen duen bideak harritu nau. Entretenigarria iruditu zait zati hori, baina bukaerarekin egiten duen lotura nahiko behartua delakoan nago, amaiera bera interesgarria eta gaurkotasunik galdu ez duena bada ere.

Erabilitako hizkuntzan batukoak ez diren hikako forma ugari erabiltzen ditu, aurreko liburuan bezala. Bitxia egin zait: gatxeuden, natxegon/k, natxien, gintxeztek, baina ahozkoan ohikoak ez diren zeritzoat bezalakoak ere badarabiltza.