Uxue (e)k Patricia Pérez(r)en Sara-Li - Jatorria: Itzalak Kad Madhanen(r)i buruzko iruzkina egin du (Sara-Li jatorria, #5)
Itzalak Kaz Madhanen Sara-Li - Jatorria sagaren bosgarren liburua da. Komeni da ordenan irakurtzea, ezer ez galtzeko eta ondo ulertzeko. Abisu garrantzitsua: erreseina honetan aurreko liburuen destripea dago!
Narrazioaren hasieran Sara-Lik laugarren liburuaren amaierako sorpresa gogorarazten digu: ahizpa biologiko bat dauka! Bera baino zaharragoa da eta Xia Wei du izena eta, dirudienez, bere bila dabil. Jakina, Sara-Lik ere berarekin elkartu nahi du, baina ez da erraza izaten ari. Beti bezala, lagunen laguntza dauka. Elkarrekin hainbat irteera egiten dituzte eta Avalon jauregiaren inguruko tokiak bisitatzen dituzte, hala nola Ghillie Dhu basoa, Haritz Handia edo Kaz Madhanen hondakinak. Txangoetan ez dira falta abentura, magia eta fantasia. Adiskidetasunak eta talde-lanak, non bakoitzak bere ahalmenen eta gaitasunen onena ematen duen, zenbait zalantza argituko dute, baina misterio berriak ere aurkituko dituzte.
Bitartean, Sara-Lik bere botereak ezagutzen jarraitzen du, eta oraindik ez da horien handitasunaz jabetzen (ezta gu ere). Zorionez, Aurorak haiek ulertzen eta kontrolatzen laguntzen dio.
Itzalak Kaz Madhanen irakurketa interesgarria eta entretenigarria da, ez bakarrik abenturagatik eta magiagatik, baita Sara-Lik bere lagun eta gelakideekin duen harremanagatik ere. Haien arteko erlazioak adiskidetasun politaz gain, inbidiak eta jeloskortasuna ere erakusten du. Egoera dibertigarriak eta problematikoak izaten dira. Azken finean, edozein haur edo gazte koadrilatan bezala.
Testuarekin batera, beti bezala, Patriciaren ilustrazio bikainak daude. Orain arte komentatu ez dudala uste dut, baina hasieran beti dago Avalongo mapa irudikatzen duen ilustrazioa. Bertan, jauregia (non ikasten duten) eta bisitatzen ari diren kokalekuak agertzen dira.
Aipatu behar dut pertsonaia berriak agertzen direla, eskolarekin zerikusia dutenak, istorioaren hurrengo fasean garrantzitsuak izango diren itxura dutenak. Badago bat ziur dakidana horrela izango dela, seigarren liburua argitaratuta dagoelako eta aurrerapenak ikusi ditudalako (ez da nik ere ikuspegiak dauzkadala eta magia egin dezakedala).
Xarpa Books argitaletxearen webgunean (www.xarpabooks.com) Itzalak Kaz Madhanen eta gainerako bildumari buruzko informazio gehiago dago, baita salmentaren estekak ere, bai paperezko ediziorako bai digitalerako ere, gaztelaniaz zein euskaraz. Paperezkoa gomendatzen dizuet, edizioaz eta ilustrazio zoragarriez bete-betean gozatzen delako.
