Shenron (e)k Janice Hallett(r)en La apelación liburuaren kritika egin du
La Apelación
5 izar
Ohiko formatua albo batera uzten duen liburua. Herri bateko komunitate txiki batean hilketa bat eman da eta pertsona bat kartzelan sartu dute. Hala ere abokatu bat ez dago ados epaiarekin eta apelazio bat jartzeko asmoa du. Horretarako baina bere bi laguntzaileei kasu guztia berriz irakurtzeko eskatzen die oharkabean zer ahaztu ote zaien aurkitzeko eta gu irakurle bezala, hirugarren laguntzailearen paperean sartuko gara nahi eta nahi ez.
Gauzak honela, liburuko orrialdeak modu honetara idatzita egon daitezke: a) Abokatuak idatziriko testu zehatz formalak (hauek dira gutxienak, salbuespenak kasi) b) Laguntzaileen arteko elkarrizketa informalak sare sozial baten bitartez (tarteka) c) Susmagarri guztiek bidalitako e-mailak (Igorlea, jasotzailea, gaia, data eta ordua zehaztua dagoena). Liburuaren ehuneko handiena.
Irakurtzen goazen einean istorioan murgiltzen goaz eta susmagarrien izenak ikasiz (hasieran nahasgarria izan daiteke baina liburuak hortan ere laguntza eskaintzen digu). Hasieratik irakurlea dena ikertzailearen paperean jartzen du eta lehenengo 300 orrialdeak bulegoko lana izango litzateke, pazientziaz eta patxadaz ahalik eta informazio guztia pilatzearena. Hortik aurrera rock and rolla, informazioa azaleratzen hasten da, gauzak korapilatzen...
Liburu bikaina, lasaitasunez eta arretaz irakurri beharrekoa idatzitako orok baitu garrantzia. Erritmoak errespetatzen badira behintzat taldean irakurtzeko liburu ezin hobea, azkenean irakurle bakoitzak susmagarri bat izango duelako arrazoi batzuren baitan eta eztabaida interesgarria piz daiteke, gerora hala den edo ez egiaztatu daitekeelarik. Ausartzen zara? Gauza bat dago argi: hiltzailea nor den asmatu edo ez, ziur gozatuko duzula.