Itzuli

(e)k Zerocalcare(r)en No sleep till Shengal liburuaren kritika egin du

Zerocalcare: No sleep till Shengal (Spanish language) 4 izar

Premiazko kontakizuna da hau. Kontatu beharrezkoa, sarraski gehiago izango ez badira. Eta, era berean, kontatu …

Norbaitek kontatu behar zuen

4 izar

Duela hamar bat urte publikatu zuen Michele Rech Zerocalcare komikigile italiarrak estreinako liburua, 'La profezia dell'armadillo', Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara ekarria 2021ean, 'Armadiloaren igarkizuna' izenburupean. Lehenago plazaratu zituen 'Hondamuinean' bildumako biak eta 'Kobane calling', Siriako guda zibilaren erdian kurduek eraiki zuten Rojavako lurralde autonomora egindako bidaiaren kronika ederra. Azken horren bideari jarraitzen dio eskuetara heldu zaigun azkenak: 'No sleep till Shengal'. Irak iparraldeko yezidien artean hainbat aste eman zituen 2021ean Zerocalcarek, herri hark sufritutako sarraskia eta biziraupen-borroka komikian jasotzeko. "Peshmergen zein Irakeko Gobernuaren mehatxua, berrantolatzen saiatzen ari den Isis, Turkiako dronak bonbardatzen... baina baita osatu gabeko zauriari darion oinaze, amorru eta izu puskaren aurka ere", dio autoreak komikiaren hondarrean. "Denen zauria dena, baina baita norberarena ere".

Sakonak dira 2014ko genozidioak eragindako arrakalak, agerikoa da zuri-beltzeko komikian agertzen diren pertsonaietan. Testigantza –eta isilune– gordinak dira bildutakoak, baina, egilearengan ohikoa den moduan, umoreak ere badu lekurik, haren kontzientziak –armadilo jakintsu batek pertsonifikatua– hitz egiten duenean adibidez, edo irakurleok agertzen garenean George Pig marrazki bizidunetako zerriak gorpuztuta, edo Erdogan teletubbien cosplayer moduan mozorrotuta...

“Nongo zakiladak amaitu nau hemen?”, galdetzen dio bere buruari Zerocalcarek, Irakeko poliziaren kaserna barruan atxiki dutela. “Inork ezer esaten ez badu, inor ez badago so... sarraskiak datoz”, Erromako Kurduen Etxeko ordezkariaren hitzek ematen dute argibiderik. Hainbatetan esan dut, eskoletan gehiago baliatu beharko lirateke gisa honetako komikiak, testu liburuez gaindiko ikuspegia izateko.

Itzulpenaz bi gauzatxo: bat, euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino lehenago publikatu du komikia Farmazia Beltzak; eta bi, Koldo Izagirrek euskaratu du, modu borobilean. 'Armadiloaren igarkizuna'-eta irakurtzean euskararen erabilerak eragin dit karrankarik, jatorrizkoari fidelegia zaiolako akaso, italiera baino erromatar dialektoa baita haietan nagusi. Beldur naiz horrelakoek euskarazko komikietara hurbiltzen diren irakurleak uxatzen ez ote dituzten, nire hurbileko pertsona bati gertatu zaion moduan. Ez da, zorionez, 'No sleep till Shengal'-en kasua.

( Jon Torner Zabalak ARGIAren 2.817. zenbakian publikatutako erreseina: www.argia.eus/argia-astekaria/2817/norbaitek-kontatu-behar-zuen )