«MEMORIAREN DOHAINAK Benetan hilda egon nahi nuke; neska hura negarrez urrundu zen nigandik
eta etengabe errepikatzen zidan: "Ai ene, Safo, zelako bihozmina gurea! Nahi gabe noa zure albotik."
Orduan nik erantzun nion: "Ez zaitez nitaz ahaztu eta zoaz pozik, badakizu zenbat maite izan zaitudan,
eta, bestela, ahantzi ez ditzazun, gogora ekarri nahi dizkizut bion bizipen eder haiek:
arrosa, azafrao eta bioletazko hainbat koroa janzten zenituen han, nire ondoan,
zure lepo leuna zeuk txirikordaturiko usain goxoko girlanda loretsuz inguratzen zenuen,
ondoren, akara eta jasmin olioz lurrintzen zinen
eta, ohe bigunean etzanda, ene neskatxa gozoa, zure desira asetzen zenuen.
Eta ez zegoen ez tenplurik ez baso sakraturik, nirekin bisitatu nahi ez zenukeenik"».
— Safo: Poesia guztia, Maite Lopez Las Heras (Itzultzailea eta hitzaurrearen egilea), Safo (61. orria - 62)