Back
Miren Agur Meabe, Hélène Vignal: Queen Kong (Euskara language, Elkar) No rating

Telefonoa sutan dauka eta bera da su-metan jarri dutena. Taldearentzat zera da: ederra, benetakoa, handia, …

Galtzagorri elkartearen iruzkina (Liburu Gaztea egitasmoa; Imanol Mercero)

No rating

Narrazio labur bezain sakona da Queen Kong, eta nerabezaroko lehen sentsazio eta esperientzia sexualez eta emozioez mintzo da. Gaur egungo Frantzian kokatua dago.

Protagonista haserre dago, besteak beste, emakume izateagatik eta desberdina izateagatik gizartean sentitzen duen presioagatik eta “lagun-taldean” egiten dioten jazarpenagatik. Tonu haserrekor hori nabari da: zuzen-zuzen mintzo da, argi, gordin zenbaitetan... Erraz irakurtzen da, hizkuntza aldetik ez baitu zailtasunik. Ez dago elkarrizketa tipikorik. Ia ez da beste pertsonaien ahotsik entzuten eta “kontzientzia-jarioa” estiloan idatzia dago: protagonistaren pentsamenduei jarraitzen diegu gertatzen den akzioari jarraitu beharrean. Oro har, laburrak dira esaldiak, eta aise transmititzen dituzte protagonistaren hausnarketa indartsuak ―oso argi dituen ideiak―. Alde horretatik, saiakera egokia da irakurle nerabeei begiak irekitzeko, neska zein mutilei, haiek gogoetara bultzatzeko, eta, batez ere, neskatxak ahalduntzeko.

Dena den, ohar gaitezen, hasieran zer ari garen irakurtzen ulertzea kosta egitea normala dela, duen idazkera formatua dela eta. Baina idazkera irakurterrazak eta ideia argi eta indartsuez beteriko paragrafoek zailtasun oro erraz gainditzen laguntzen dute, harik eta irakurleak formatua “ulertu” eta hasierako zailtasuna gainditzea lortzen duen arte.

Ez zenbaki eta ez izenez banatzen ez diren kapitulutan idatzia dago. Irudirik ere ez du, baina azalak erakusten digunak (neska bat, erdi biluzik eta kuzkurtuta) irakurri behar dugunari buruz hitz egiten digu.