Itzuli

(e)k Paloma González Rubio(r)en Joao(r)i buruzko iruzkina egin du

Joao (Euskara language, Ibaizabal) Baloraziorik ez

Miguelek kostaldeko herri batean bizimodu arrunta darama bere amarekin eta arreba Inesekin. João zibilizaziotik at …

Iraganeko gertakarien kronika gisa dago idatzita, protagonistetako baten ahotik. Gaztetxoa zenean, itsasoan bizi ziren ama-seme berezi batzuk ezagutu zituzten, gerora bizitza aldatuko zietenak, berari, amari eta zorigaitzezko arrebari. Aurkikuntza eder baten kondaira da, zentzu horretan; protagonisten nerabezaroak galderaz eta zalantzaz josiko dituen ezusteko adiskidetasuna.

Eleberri irakurterraza da, atalen ugaritasunari eta orrialde kopuru neurritsuari begiratuz gero. Zailtasunik ere ez du pertsonaia multzoari dagokionez, agertzen baitira lehen lerroko bost aktore, bigarren lerroko hiruzpalau eta figurante sorta murritza.

Hori guztia erritmo bizian (elkarrizketei esker) eta tonu samur eta, hainbatetan, malenkoniatsuan kontatuta.

Eleberri itsas-zalea dela esango dute askok, baina berez itsasoa jokalekua da, ifrentzua lehorra den bezala.

Liburuak badu, ordea, hausnarketa probokatzeko indar handia, irakurlea harrapatuko duen kezkabidea, zeren bizitzako erabaki garrantzitsuenak jartzen baitizkio aurrez aurre, nori eta nerabezaroan kateaturik dabilen narratzaileari.

Beren amen zirkunstantzia eta erabakien neurrira eraikitako munduan bizi dira ordura arte Miguel eta João. Lehena, kostaldeko herri batean, eskola, lagunarte eta familiaren etxebizitza txiki eta kaotiko samarrean. Bigarrena, itsasoan, Meltemi belaontzian, gizarteak ezarri ohi dituen arauetatik kanpo eta berezko ordena baten txukuntasunean.

Itsasoaren inguruan jira egiten du liburuak. Harekin harremana dute bi gazteek. Baina hain dira ezberdinak itsasoa (eta, oro har errealitatea) bizitzeko bi moduak… Bien arteko harreman berriak, zein Txanel eta Tximitxen arrebaren artean jaioko den maitasun istorioak, norberaren bide propioak erabaki beharrean kokatuko ditu pertsonaiak, horrek dakartzan hausturekin.

Gure etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun galdetzen zaigu dikotomia zurrun baten arabera, "lehortarra, ala itsastarra?" tarteko aukerarik badagoen jakiteke.

Eta ulertu behar dugu itsastar/lehortar horren atzean kritika sozial handia dagoela, ezen iradokitzen zaigu itsasoa askatasuna dela, burujabetza eta inongoa ez izateko hautua, lehorrean dagoen gizartearekin konpromisorik ez duena da itsastarra -lotura ez dagoen neurrian- eta, beraz, gizarteak dituen miseriak zuzentzeko ardura moralik gabea.

Bistan da lehorrean bizi garenak izan daitekeen edozein kalteren errudun subsidiarioak garela, ezinbestean, liburuak proposatzen duen testuinguruari erreparatuz gero. Aitortzen zaizkigu, ordea, ontasun batzuk, besteren artean harremanak garatzeko aukera, elkartasunaren indarra eta gizarteak eskaintzen duen babesa.

Diskurtsoa garatzeko Miguel narratzaileak Joãorengan jartzen du fokua. Bere zeregin nagusia João ezagutaraztea da, eta haren berri emanez istorio gogoangarri bat kontatzea. Miguel narratzaile hiztuna da, azalpenetan luzatzen den ahotsa, hari nagusiari itzuri egiten diona etengabe, pertsonaien emozioak, keinuak eta interakzioak deskribatzeko. Narratzaile eraginkorra da, halere, ekintzak bere gorenean daudenean azalpenetan eraginkorra izaten badakiena.

Ez zaigu nahiko argitasunik ematen João nor zen jakiteko. João misterioa da, zeharka baino ezagutzen ez duguna. Badakigu hizkuntzak nahasturik hitz egiten zuela, alemana eta frantsesa, greziera eta ingelesa, han eta hemen ikasitako gehiago ere bai, denak azentu portugesarekin. Miguelek esaten duenez, hitzak euren sonoritateagatik aukeratzen zituen, jatorria begiratu gabe.

João barku batean jaio omen zen, Indiako itsasoetan, eta topatu zirenean ez omen zuen lehorreko bizitza ezagutzen. Aita aspaldi hila zuelarik, amarekin zebilen munduan zehar, pirata xamar, autoritatea saihesten. Joãoren misterioa irakurlearen jakin-minak eraiki behar duen bizimodua da, itsastarren mundua da.

Gainerakoan Miguel Joãoren ifrentzua da, haren figura misteriotsua eraikitzen laguntzeko eratutako ispilua. Eta berdina esan daiteke Miguelen ama Carmeni buruz. Baldin eta Joãoren ama Belem figura menderakaitza bada, Carmenek gizartearen babesa eta otzantasuna islatzen ditu.

Protagonisten boskotea Inesek osatzen du, Miguelen arrebak. Pertsonaia guztien artean paper gogorrena jokatzea tokatu zaio, bi bizimoldeen talkan erdian harrapatuta gelditzen baita.

Idazleak irakurleoi gure buruan ditugun ziurtasunak alboratzeko eskatzen digu edo, bestela esanda, gure nortasuna apur bat deseraikitzea, hausnarketa barne muinetara sar ahal dadin. Testuinguru honetan Belem eta Carmenen alderaketa erabiltzen dira, euren hitzetan eta ekintzetan islatzen den aurkakotasuna medio, bi heldu (beraz, bi erreferente kualifikatu) ari direlako bizitza ulertzeko moduei buruz, hau da, bizitzeko moduei buruz.