Itzuli

(e)k Garikoitz Goikoetxea Etxeberria(r)en Esnatu ala Hil liburuaren kritika egin du

Garikoitz Goikoetxea Etxeberria, Iñaki Iurrebaso: Esnatu ala Hil (Paperback, Euskara language, 2025, Elkar) 5 izar

Noraez gisako batean dago euskararen indarberritzea. Ez dira garairik distiratsuenak. Premiazkoa da beste bultzada bat, …

Esnatu ala hil

Baloraziorik ez

Egia esan, eskuartean nituen beste liburu batzuk utzi ditut, honi ekiteko. Espektatiba asko nituen: gehiegitxo ongi asetzeko ;-)

Kontua da ez dela “ofiziokoentzako” liburu bat. Teknikariok han eta hemen entzun, irakurri eta eztabaidatu ditugun gauzak agertzen dira bertan… den-denak txukun jarrita eta den-denak ondo ordenatuta. Liburu dibulgatiboa izan nahi du. Funtzio hori betetzen du? Egokia al da publiko orokorrarentzat? Ez dakit zer esan… agian informazio gehiegi… baina aitortu behar da oso-oso ongi egituratua dagoela.

Baina ez pentsa… teknikariontzat ere gauza interesgarri ugari.

Gustatu zait eskema.
- Hiru aro: ordezkapena, indarberritzea, geldotzea. - Hiru ardatz: gaitasuna, erabilera, atxikimendua. - Hiru prozesu: hizkuntza–bilakaera, sozializazioa eta aldaketa demografikoa. - Arnasguneak eta nagusitasun-eremuak. - Etorkizunerako gakoak

Eskema horren baitan ere informazioa oso ondo dago egituratua: soil-soilik atal bakoitzaren barruan dauden izenburuak edo atalburuak irakurrita ikus indizea, nahikoa da ideia orokor bat egiteko. Hori gutxi balitz, kapitulu bakoitzaren amaieran ideia nagusiak ageri dira laburtuta.

Apunte batzuk (kontuz spoiler)

  • Euskararen egoerari erreparatzeko erreferentzia ezin da euskara-gaitasuna izan (euskara jakitea) baizik eta euskarazko nagusitasuna (euskaraz erdaraz baino erosoago edo bezain eroso moldatzen direnak). Bata hartu edo bestea hartu, oso irakurketa ezberdinak egiten ditugu.
  • Pilotariaren metafora proposatzen du: bi eskuekin jolasteko gai izanik ere, pilotari eskuinak esku eskuinarekin joko du pilota, bestela egiteko arrazoirik ez badago (gaztelaniaz erosoago moldatzen da hiztuna gaztelaniaz egingo du, bestela egiteko beste arrazorik topatzen ez duen bitartean.
  • Gainera… erraztasuna (erosotasuna) eta erabilera loturik daude. Sorgin-gurpil baten antzekoa da: gaztelaniaz erosoago moldatzen denak ez du euskaraz egingo eta ez du euskarazko erraztasunik lortzen.
  • Irakurketa nagusitasun-eredu horren arabera egiten dugunean, argi nabarmentzen da euskarak egiturazko hutsuneak dituela; oso sakonak.
  • Erabilera hazi da, bai. Baina soilik hainbat alorretan: haurrekin eta eremu formaleetan.
  • Atxikimendua da euskararen benetako indargunea. Euskaraz deseroso hitz egiten dutenek ere euskaraz hitz egiten dute. Antzera geratzen da transmisioarekin. Euskara-nagusitasunik ez duten gurasoek ere euskara transmititzen dute. Horren atzean atxikimendua dago.
  • Halere, ahultze-zantzuak ikusten dira atxikimenduan ere.
  • Bada fenomeno bat sakonki aztertu beharko genukeena: erdalduntze goiztiarra . Haurrek euskara-nagusitasuna nola galtzen dute, koskortu ahala?
  • Horrekin batera, nire ustez, horrek etxeko hizkuntzan zein eragina duen ere aztertu beharko litzateke: euskaraz hasi bai, baina, seme-alabek adinean aurrera egin ahal, erdaldundu egiten da haien arteko harremana. Esan izan da haurra dela etxera gaztelania ekartzen duena.
  • BILA adierazlea erabiltzen du jaurlaritzak: lehen hizkuntza eta egungo gaitasun-maila konparatzen dituzte, bilakera ikusteko. Bilakaera positiboa da beti… Euskaraz dakien jende gehiago dago, euskara lehen hizkuntza duena baino. Baina, lehen esan bezala, lehen hizkuntza eta hizkuntza-nagusitasuna alderatu beharko litzateke.Esan gabe doa emaitzak oso bestelakoak direla horrela eginez gero.
  • Bada transmisioaren eta sozializazioaren arteko soka-tira moduko bat. Batean lortzen dena, bestean ahuldu egiten da. Familiak eta eskolak euskararen alde jokatzen dute, kultur kontsumoak eta hedabideek (sare sozialak, pantailak) kontra.

Liburuaren hainbat aurkezpena egin da han eta hemen. Gehienetan nirea baino asko sintesi hobeak argitaratu dira. Berrian, esate baterako, oso sintesi interesgarria argitaratu zuten. Hemen: www.berria.eus/euskal-herria/esnatu-ala-hil_2146527_102.html