Itzuli

(e)k Oihane Amantegi(r)en Cayo Hueso kritika egin du

Cayo Hueso (Paperback, Euskara language, Elkar) 4 izar

Floridatik dingilizka geratutako azken uhartea da Cayo Hueso, Antillen erdian igeri, Kubaren eta kontinentearen erdibidean. …

Lau apunte

Baloraziorik ez

(1)

Kapitain zahar honek honez gero amaitu du Cayo Hueso nobela irakurtzen. Eta kapitain zahar honek aitortu behar du ez dela bere estiloa, baina, oro har, gustura irakurri duela. Ez da gutxi, gero!

Tontakeriak alde batera utzita... asko gustatu zait propio pertsonaje bat asmatu izana, narratzailearen papera egiteko.

Akordatzen zarete literaturaren teorian nola ikasten genuen narratzaile-tipoak zein ziren?

  • Ikuspegiaren arabera, lehen, bigarren edo hirugarren pertsona erabil zitekeen, narratzailea mintzarazteko.
  • Narratzailearen rolaren arabera: narratzaile orojakilea (batez ere literatura klasikoan), istorioaren parte den narratzailea (ezberdina zen, protagonista izan edo lekukoa izan)... edo istorioaren parte ez den pertsona zein objektu bat.
  • Narratzailea objektiboa, subjektiboa... edo istorioa interpretatzen duen narratzailea.
  • Narratzaile fidagarria, ez-fidagarria... edo istorioa ikuspuntu ezberdinetatik azalarazten duen narratzaile-taldea. Kapitain zaharra nolakoa den? Lehen pertsonan hitz egiten du; lekukoa da baina badu zerbait gehiago; istorioaren parte da, baina margen batean kokatzen da; istorioa interpretatu egiten du, eta... pentsatzekoa da haretaz fidatu ahal garela. Baina esango nuke horrek guztiak ez duela ondo islatzen kapitain zaharraren benetako rola.

Oharra: wikipediara jo behar izan dut, memoria egiteko😉

Beste liburu bat ekarri dit burura: Pereirak Dioenez, Antonio Tabucchirena... han ere formula bat hartu (Pereirak dioenz) eta etengabe errepikatzen baitu... liburuaren erritmoa eta taupada markatzeko.

(2)

Ez dakit zergatik, baina liburua irakurri ahala, Casablanca filma pasatu zait burutik. Imajinatzen duzue Ingrid Bergman, pianoaren ondoan, "As time goes by" kantatzen? Hobe ez imajinatzea. Izan ere, nik beste modu batean gogoratzen banuen ere, Ingrid Bergmanek pelikula osoan ez omen baitu behin ere kantatzen, baizik eta "Sam-ek" (jo zak berriro).

(3)

Elkarrizketa batean irakurri dut, nobelaren gaia, neurri batean, maitasunaren gertagaiztasuna da (gertagaiztasuna ala gertagaitasuna ez ote dira txanpon beraren bi aldeak). Ez da gai berria... Non egongo ginateke gaur, X gertatu zenean, Y egin izan bagenu, Z egin beharrean? Unibertso paraleloak imajinatu daitezke. Elkarrizketa zioten bezala... "gertatutako bizitza bakoitzaren barruan gertatu gabeko bizitza ugari dago". Gaiari heltzen dionean (bigarren aktoan) nobelak erritmo aldaketa erabatekoa ezartzen du. Oso ondo funtzionatzen du. Gustatu zait.

(4)

Gustatu zait, halaber, azken orrian Oihanek proposatzen duen jolasa: esaldi bana ostu omen dio Juan Rulfo, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiari eta testu barruan ezkutatu, bertan arrantzatzeko. Ufff. Ez da erronka makala... Agian lau hauetakoren bat?

  1. "Baietz esan dit, baietz esan nahi ez dutenek baietz esaten duten eran."
  2. "Munduaren jabe direnek ez dakite munduaren jabe direna, eta horregatik hain zuzen habita dezakete beren handitasuna: ez zaielako boterea, ez zailako inperio gose".
  3. "Bizitza osoa eman daiteke ailagatuko ez den zerbaiten esperoan"
  4. " HIzkuntza asmatzea lortu genuenean ere, infinituki triste bizi diren izakiek itsasora jotzen dute berdin-berdin, hitzez esan ezin duten pena baten magnitudearen bila".