Alex (e)k Paolo Cognetti(r)en Giù nella valle liburuaren kritika egin du
MeM - Mendia eta Malenkonia
4 izar
Uste dut Cognettiren liburu guztiak irakurri ditudala. Baita "Zortzi Mendiak" liburuan oinarritutako filma ere. Denak gaztelaniaz, jakina; ez baitago euskarazko bertsiorik. Ez dira kristoren liburutzarrak. Esango nuke liburu sinpleak direla, Alpeen inguruetan kokatuak beti ere (paisajea bera protagonista bihurtzen da) eta malenkonia kutsu inportante bat dutela. Interesgarriagoa iruditzen zait transmititzen duten "anbientea", kontatzen dituzten istorioak baino. "En el Valle" ere halakoxea da.
Noizbait esana dut liburu bakoitzaren atzean banda sonoro bat dagoela. Kasu honetan idazleak berak esan digu zein den: Nebraska, Bruce Springsteenena. Diskari izena ematen dion abestiak etxetik ihesean, bide osoa odolez blai uzten duten gazte-bikotearen istorioa kontatzen du (liburuko txakur bi horien moduan).
Eski-estazio berri bat egin nahi dute herrian (Canal Roya ekarri dit gogora). Aita hiletarako, bi anaia elkartzen dira, hainbat urte elkarrengandik urrun egon ondoren. Otso edo zakur batek (ez dakite oso ondo zer den) beldurra sortu du inguruan. Anaia baten andrea haurdun dago. Bigarren anaiak ez du aurkitzen bere lekua munduan... Esan bezala, interesgarriagoa da "klima" hori nola transmititzen duen, kontatzen duen istorioa baino.
Cognettik berak "Nebraska" proposatu ez balu... Spotify-n bada bere editoreak sortutako playlist bat: "Alta Quota - Una playlist di Paolo Cognetti" Hura ere oso melankolikoa, egia esan ;-) : besteak, beste, Von Iver, Elliot Smith, Eddie Vedder (Into the Wild, jakina). Zerrenda ederra!