Alex (e)k Audrey Magee(r)en La Colònia liburuaren kritika egin du (Antípoda, #83)
Kolonialismoa
4 izar
Edukiari buruzko abisua Spoiler (baina ez gehiegi)
Cira Cresporen artikulu batean jaso zuen liburuaren berri. Cirak kolonialismoaz hitz egiten zuen artikulu... zergatik galizian ez dute arazorik haien egoera kolonialismoa dela aitortzeko, eta gurean (zein katalunian) bai. Debate interesgarria da, semantikoetatik harago. Baina ez naiz horretan sartuko. Artikulua hemen dago: www.argia.eus/argia-astekaria/2903/ez-esan-kolonizazioa
Jarraitu aurretik, aitorpen bat: tranpa egin dut. Katalanezko bertsioa ekarri dut hona, horrela aurkitu dudalako, baina irakurri, gaztelaniaz irakurri dut.
Irlanda mendebaldeko irla batean 2 bisitari: Irlandako gaelikoaren gainbehera ikertu nahi duen hizkuntzalari frantziarra eta bertako amildegiak margotu nahi dituen pintore ingelesa. Elkarren artean ezin ulertu, eta halere, biek dute zerbait komunean: nolabaiteko estraktibismoa. Irlako komunitate horretatik ezagutza jaso, haien onura hutserako.
Hizkuntzalariaren tesiaren idazketaren parte bat kontatzen du liburuan. Aitzakia da irlandesaren historia laburra kontatzeko. Interesgarria. Bien arteko eztabaidetan ere hizkuntza politikari lotutako ohiko debate batzuk ageri dira: bidezkoa da hizkuntza biziberritzea, bertakoekin kontatu gabe? zer galtzen da hizkuntza bat galtzen denean?
Pintoreak begiekin idazten du. Parrafo deskriptiboei pintura baten izenburua jartzen die. Bi pintura-serie irudikatzen ditu: (a) autorretratoak, (b) Irlaren eszenak. Horien arabera sailkatzen ditu zati horiek. Parrafo horietan, batzuetan, esaldi luzeak laburtuz joaten dira eta parrafoaren amaiera aldean lerro labur bihurtzen dira, prosa poesia bihurtuko balitz bezala.
Kapituluen artean Ipar Irlandako biolentziaren zertzeladak ageri dira. Hasiera batean, besterik gabe, testuingurua ematea beste helburu izango ez balute bezala. Liburuak aurrera egin ahala, pertsonajeak hasten dira egoera horiei buruzko balorazioak egiten.
Apurka apurka hizkuntzalariaren historia ere ezagutzen dugu. Ama aljeliarra zuen. Txikitan nahi izan zuen semeak arabiera ikastea, haren gogoaren kontra eta aitaren erabateko ezadostasunarekin. Ez zuen lortu. Hizkuntzalariak bere buruari galdetzen dio: zergatik ari da irlandesaren biziberritzearen alde lanean eta ez bere amaren hizkuntzaren alde. Horrek ezinegon apurtxo bat sortzen dio. Liburuan historia hori Irlandaren eta Arjeliaren egoera alderazteko erabiltzen da. Biak ala biak kolonialismo gisa definituta.
Interesgarria.