Alex (e)k Danele Sarriugarte(r)en Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburuaren kritika egin du
Transizioak, identitateak, herrigintza
4 izar
McKenzie Wark Euskal Herrian egon da abenduan, Badalab, Jakin eta Kontseiluak gonbidatua. Beren liburuan oinarrituta, herrigintzaz, militantziaz eta aktibismoaz gogoeta egiteko prozesu bat abaiatu nahi zuten. Horrek bultzatu ninduen liburua irakurtzera eta, tamalez, horrek baldintzatu nau liburua irakurtzeko garaian. Tamalez diot, liburua asko gustatu zaidalako, eta, agian zerbait galdu dudalako, hiru gai horiei buruzko ideien bila ibili naizen bitartean.
Edonola ere, Durangoko azokan aurkeztu eta mahai-inguru bat antolatu zuten horretaz jarduteko. Kronika hemen idatzita dago: badalab.eus/m-wark-hizkuntzarekin-jolasteak-gogoa-ematen-dizun-ideal-hori-asmatzeko-aukera-ematen-dizu/
Liburuan hainbat gutuna jasotzen dira, nik neuk lau multzotan banatuko nituzkeenak: (a) Lehen eta azken gutunak haur-gazte eta gazte-heldu zen McKenzi-ei zuzendutakoak dira, bere buruari, alegia. (b) Bigarren multzoan, amari eta ama papera jokatu zuten arrebei zuzendutakoak daude batez ere. (c) Hirugarren multzoan, maitaleei zuzendutakoak. (d) Gainerakoak "beste batzuk" izenburupean daude bilduta.
Bere buruari gutunak idaztea ariketa polita da. Zer esango zenioke gaztetako ZU horri? Oso galdera potentea da. Beste modu batean erabili izan dut formazio-saioetan: "Bisualizazio-ariketa bat egin. Imajinatu erretirotik gertu zaudetela. Atzera begiratu eta zuen lan-ibilbide osoa ikusten duzue. Ikusten duzuen horretatik zer gustatzen zaizue eta zer ez? Etokizuneko ZU horrek zer esango lioke orain zareten ZU hori? Zer gomendatuko lioke? Ondo eginez gero, oso ariketa potentea da.
Liburuan deigarri egin zaizkidan beste ideia batzuk:
-
Femunismoaren ideia proposatzen du... feminismoaren eta komunismoaren arteko fusioa. Ez dakit ondo ulertu dudan... baina komunitarismo berri baten moduan irudikatzen duela iruditu zait.
-
Transizioa gorputza hackeatzeko modu bat dela dio. Kultura trans baten beharra defendatzen du. Helduleku bat transizioan ari diren pertsonak zeri heldu izan dezaten. Horren baitan ikusten ditu Rave-ak. Rave-ak festa hutsak baino gehiago dira. Badute mobilizaziotik asko. Egungo manifestazioen edo mobilizazioen moduan "errituak" dira neurri handi batean: gure taldetasuna elikatzea helburu dute, zerbait aldarrikatzea baino areago.
-
Inperfekzioaren aldarri nabaritzen da. Emakumea ideal platoniko bat dela aldarrikatzen du. Egitan existitu ezin duena. Trans-mugimenduak ideal hori kolokan jartzen du.
-
Bere buruari idazten dion azken gutunean, idazle eta intelektuala izateko moduaz ari da: "Ez zara inon izan autoritatetatik idazten duela uste duen idazle-mota. Ulertzeko idazten duzu, irtenbideak bilatzeko". (Orain arte) Hacker manifestua izan da bere libururik ezagunena. Irakurri dudanagatik teknologia mundua eraldatzeko tresna gisa erabiltzea proposatzen zuen bertan. Horrekiko nolabaiteko nostalgia nabari zaio: "Forma emergenteen abangoardi bat zegoen egiaz. Eta, abangoardia guztiei gertatu zitzaien bezala, guk ere galdu egin genuen". Lan akademikoa egiteko bi modu ere aipatzen ditu: (a) eremu batera heldu, bertan egokitu, kolonizatu, lurra landu... eta datozenentzat bide bat irekita utzi; (b) transitatu; eremura heldu, ikusi, gozatu, iritzia eman, eta hurrengo eremu batera abiatu. Bigarrena du gogoko.
-
Identitateaz ere aipu interesgarriak ditu. Iraganari begiratu, eta "nor zen" baino areago "nor ez zen" gogoratzen omen du. Modu ederrean azaltzen du: "Gizona nintzen, senarra nintzen, aita nintzen. Orain gure haurrek aita esaten dioten emakume bat naiz"
-
Parrafo bat du erabat ikonikoa. Eskerrak Emateko Egunean, bikotekide-ohiarekin eta oraingo bikotekidearekin biltzen delarik egiten duen gogoeta da: «Niretzat hementxe da politikoa pertsonala. Nire barruan geratzen den borroka honako hau da: mundu bat lortzea non denok elkarrekin eseriko baikara Eskerrak Emateko Egunean, maite ditugun guztiekin, eta non aulki bat utziko baitugu libre, behar duenarentzat.» Koherentziaren aldarria dela iruditu zait.
-
Zibele ama jainkosa handia da, naturaren boterea duena. Wikipediaren arabera "Zibeleren apaizak (galli) zikiratuta zeuden, eta emagizonak ziren". Zibele jainkosari gutun bat zuzentzen dio. Hor ere gogoeta interesgarriak egiten ditu: "Gutxien daukatenek behar dituzte jainkoak gehien" edo "Boterearen jainkoak daude. Beren jainkoak eta gureak, jainko berberen aurpegiak dira".
Jokin Azpiazuren epilogoa ere oso potentea da. Oso politikoa ere bai... eta askoz esplizuagoa.