Itzuli

(e)k Mikel Antza(r)en Arroz urez liburuaren kritika egin du

Mikel Antza: Arroz urez (Paperback, 2021, Txalaparta, S.L.) 5 izar

Euskadi Ta Askatasuna erakundearen sorrera eta amaiera kontatzen zaizkigu saio literario honetan; edo, behintzat, sorrera …

Memoria-zati bat

5 izar

Liburu berezia da. Gaiaz gain, balio literario handia duela iruditzen zait. Berezia da Mikelek istorioak (historiak) nola txirikordatzen eta lotzen dituen, bizitza bera halakoxea dela erakusteko. Burgosko auziaren inguruko liburu bat izan nahi, baina askoz gehiago da. Epaiketaren galdekatze-zatiak han epaitu zutenen bizitzarekin lotzen ditu (epaiketaren aurretik eta epaiketa eta gero); horiek ere Mikelen beraren bizitzaren pasartearekin eta beste hainbat burkideren historiekin. Pasarte horietako batzuk oso ezagunak dira, baina ikuspuntu berri batetik kontatzen ditu. Bitxia egin zait Mikelek bere buruari buruz hitz egiten duenean hirugarren pertsonean hitz egitea: agian beharrezkoa zen distantzia pixka bat hartzea, historia hobeto kontatzeko.

Bitxikeria bat

Oso ezaguna da Burgosko auzian epaituak zutik jarri eta Eusko Gudariak kantatzeari ekin ziotenekoa. Militarrek euren sableak atera omen zituzten, errebelio bat zelakoan. Oso irudi potentea da. Gabriel Arestik poema bat idatzi zuen pasarte horretan oinarritua. Oskorri taldeak abestu zuen... are gehiago Oskorri taldeari izena eman zion. Honela dio:

Irrintzi bat entzun dugu ezpataren aurrean oskorria zabaltzen da euskaldunen lurrean (aukera baduzue, osorik irakurri)

Kontua da, liburuan Itziar Aizpuruak kontatzen duenaren arabera, epaituek propio erabaki zutela "irrintzia" ez aipatzea, oso folklorikoa zelakoan.

Azkenaurreko atala

Azkenaurreko atala oso gogorra egin zait, lekuak eta pertsonak oso gertukoak zaizkidalako. Amaren etxea Floridatik gertu zegoen. Nik orduan 18 bat urte izango nituen. Igande goiza zen. Eguerdi partean (agian lehentxeago) etxetik atera nintzen, egunkaria erostera eta buelta bat ematera. Katedralaren ondora iritsi nintzenean mugimendu arraroak ikusi nituen. Akordatzen naiz tipo bat korrika ikusi nuela eta eskopeta handi bat zuela iruditu zitzaidala (agian asmatu nuen, dena oso azkar izan baitzen). Ahalik eta lasterren urrundu nintzen handik. Gerora prentsagatik jakin nuen gertatutakoa.

Liburuan aipatzen den La Palma taberna oso ezaguna izan zen Gasteizen: han gosaltzen genuen, gaupasa egiten genuen bakoitzean. Liburuan aipatzen den Lopez de Abetxuko koadrillako lagun baten anaia da (laguna minbiziz hil zen, pandemia garaian). Txetxu ere ezagutzen dut, nahiz eta gutxitan ikusi eta orain arte istorio honekin erlazionatu ez.

Azken oharra

Wikipediaren arabera tinta ikustezina deritzo paper batean idatzitakoa ikusten uzten ez duen tintari . Erreaktibo bat behar izaten da tinta horrekin idatzitakoa ikusteko: gehienetan nahikoa da beroa. Tinta ikusezin sinpleena limoi-zukua da, baina ARROZ-URA ere erabili daiteke horretarako.