Alex (e)k Itxaro Borda(r)en Euri zitalari esker liburuaren kritika egin du
Nobela beltza, euskal arkadian
Audioliburu formatuan eskuratu dut eliburutegian. Gustatzen zait Itxaro Bordaren mintzaira, baina kosta egiten zait papelean irakurtzen. Nekeza egiten zait kontzentratzea. Ahoz askoz hobe. Liburua ongi ulertzen da.
Diotenez Amaia Ezpeldoi detektibea Itxaro Bordaren alter egoa da. Litekeena da. Adinagatik ere halaxe da. Erretiratu aurreko azken lana dela dio liburuan... baina ez du atea erabat ixten. Literatura beltza da bete-betean eta gustatu zait. Iruditzen zait joko ederra emango lukeel film bat egiteko ere: (spoiler) ezkondu ondoren bahitua izan duten neska baten bila abiatu da Amaia, pornografia eta prostituzio sareak tarteko.
Itoiz taldearen "Ezekielen profezia" erabili du nobelaren soinu banda gisa. Aukera baliatu dut abestia berrentzuteko. Baita Ruper Ordorikaren bertsioan ere: youtu.be/Yia93zQMblg Esango nuke liburuak 80ko hamarkadaren nostalgia puntu bat duela, nahiz eta garai goxoak ez izan: "...aburu politiko finkoak genituen, ezberdin pentsatzen zutenak derrigor etsaiak ziren guretzat, baina soinu-banda erraldoia geneukan, euskaraz barne"
Bitxia egin zait erreferente kulturalak erabiltzeko duen modua. Musika, literatura zein telesaila: Tangerine Drean, Ibon Rg, Las guerrilleras liburu feminista, Benito Lertxundi, Sigur Ros, Itziar Ituño, Fargo, La casa de Papel, Egunean Behin jolasa... Baztanen foralek atxilotzen dutenean Amaia Salazar da galdekatzen duen inspektorearen izena (El guardian invisible) .
Liburuan Xiberoa eta Baztan batzen ditu. Bi euskal arkadiak, harek dioen moduan. Leku utopiko eta idilikoak dira arkadiak. Xiberoa dezente ondo ezagutzen dut, eta ederki ulertzen dut Itxaro Bordaren lilura. Amaia Ezpeloik eta emaztelagunak erretiratzeko aukeratu duten baserria, Maddalenerako bidean dago... Hamarka aldiz paseatu dut hortik ;-) Badu zerbait berezia paraje horrek.
Uste dut Amaia Ezpeldoiren abentura gehiago irakurri beharko dudala.