Alex (e)k Iñaki Petxarroman Gutierrez(r)en Lehendakariaren alaba liburuaren kritika egin du
Bitxia, berezia, arraroa...
4 izar
Badakizue "amets argiak" zer diren? Gaztelaniaz "sueños lúcidos". Ez dakit itzulpena egokia ote den, baina hala agertzen da Euskaltermen. Amets argia egoera berezi bat da, non, lo zauden bitartean, amets egiten ari zarela konturatzen zaren. Espektro zabala omen dago horrelako amets batean gerta daitekeenaren barruan: amets batean zaudelako kontzientzia iheskor eta pasibotik hasi eta loaren kontrola hartu eta zuzendu ahal izateraino.
Gertatu al zaizue inoiz? Ez? Hobe! Amesgaiztoak izaten dira sarri... Ezagutzen dituzun pertsonak agertzen dira, izatez ez dagozkien egoera edota lekuetan. Zure bizitzaren elementu errealak eta irrealak nahasten dira oso modu berezian. Eta uneren batean, ametsaren erdian, zure buruari entzuten diozu: "Lasai. Ez da ezer gertatzen. Hau guztia ez da erreala. Amets bat besterik ez da. Laster pasako da. Laster esnatuko zara". Eta bai... horrek lasaitzeko balio du eta handik gutxira esnatu egiten zara. Baina, oso nekatuta, urduri, halako egonezin lauso batekin...
Horrelako zerbait iruditu zait Petxarromanen liburua. Elementu irrealekin jolastu egiten du, hainbat elementu erreal agerian jartzeko. Sentsazio arraro bat uzten du, deserosoa... ez dakit nola azaldu.
Liburua azkar irakurtzen da. Badu engantxe-puntu bat. Hasiera iribarretxo bat sorrarazten du Montxo Otaegi izena duen EHBilduko politikari bat eta ETBn kazetari eta esatari-ohia den lehendakari bat agertzeak. Handik aurrera, gai ugari nahasten dira: eskuin muturraren hazkundea Europa osoan, gure memoriaren kontuak, krisi klimatikoa, uraren afera, errefusiatu krimatikoak, adimen artifiziala eta etika, ekofaxismoaren arriskua...
Ez zait iruditzen kriston nobela denik. Ez nuke bere balio literarioagatik gomendatuko. Susmoa dut, gainera, hori ez dela idazlearen asmoa. Iruditzen zait liburuak baduela bestelako funtzio bat, eta ondo betetzen duela.