Itzuli

(e)k Juan Luis Zabala Artetxe(r)en Dimisioa liburuaren kritika egin du

Juan Luis Zabala Artetxe: Dimisioa (Hardcover, Euskara language, Susa) 3 izar

Bukatu da. Gizakiak dimititu egin du eta AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren eskuetan gelditu da mundua. …

Fikzio espekulatibo bat

3 izar

Egun hauetan, liburuarekin batera, Haraway-ri buruzko podcast bat entzuten egon naiz. Aitortu behar dut gutxixegi ulertu dudala, baina ideia pare batekin geratu naiz. Haraway-k fikzio espekulatiboa proposatzen du: fikzioa erabiltzea balizko etorkizunak irudikatzeko. "Fikzio" hitza ez da doakoa. Kontua ez da etorkizuna ziuraski/agian izango den bezala irudikatzea, baizik eta fikzio bat sortzea, non balizko etorkizun horren hainbat elementu gako irudikatuko diren... Egun emergenteak diren elementu horiek izan daitezke al ez. Elementu horien balizko garapen bat (edo batzuk) marraztuko ditugu, onerako (utopia) zein txarrerako (distopia).

Adimen artifiziala gure bizitza kontrolatzera iritsiko da? Ez dut uste. Adimen artifiziala garatzeko 2 elementu behar omen dira: konputazio gaitasun handia eta datuak (ahalik eta gehien, ahalik eta onenak). Garatuko da? Jakina, bi elementu horiek garaten diren neurrian. Noiz arte? Ezin jakin. Esango nuke bi teoria dagoela: (a) garapena, gaurtik ikusita, ez du (oraingoz) ageriko mugarik; (b) urte gutxian horren azkar hazi den adimen artifizialaren hazkundea datozen urteetan moteltzea litzateke logikoena, ia 0 bihurtu arte...

Akats larria da adimen artifizialari pertsona baten ezaugarriak ematea: AA ez da pertsona bat, tresna bat da. Akatsa da, beraz, adimen artifiziala giza adimenarekin konparatu nahi izatea. Adimen artifizialak giza adimenak egiten ez dituen gauzak egin ahal dituela? Jakina. Ezin dugu ere kotxe baten abiaduran korrika egin. Horregatik existitzen dira kotxeak.

Bide batez esanda, adimen artifiziala euskaraz garatzeko ere goiko bi elementu horiek behar dira: konputazio ahalmena eta datuak... Zaila izango da hizkuntza handiekin lehiatzea, beti izango baitugu datu gutxiago, baita enpresa handiek baino konputazio ahalmen txikiagoa. Erronka da algoritmo efizienteagoak garatzea: datu gutxiagorekin eta konputazio gaitasun txikiagorekin ondo funtzionatuko dutenak.

Liburura itzulita... eleberriak nahiago ditut ipuinak baino. Garai batean ipuin-zaleagoa izan naiz gaur egun baino. Kasu hau, dena den, berezia da. Ez da ipuin-bilduma bat... ez erabat. Esango nuke istorio oso bat dela, begirada askotatik kontatua.

Gustatu zait izenburua: dimisioa. Gizakiok teknologiari boterea eman eta politikatik dimititu egiten dugunekoa deskribatzen baitu. Josu Jon Imazen aipamen bat ageri da liburuan: teknologia gehiago behar da eta ideologia (politika) gutxiago. Faltsua da. Funtsezkoa da politika (eta ideologia) teknologiaren aurretik jartzea.

Zerbait aipatekotan, "Sinbiosia Marten" ipuina aipatuko nuke. Zentrala dela esango nuke. Gehiago gabe ere ondo funtziona zezakeela iruditzen zait (portzierto... sinbiosia ere Donna Haraway-ren kontzeptu gakoetako bat da). Bitxia egin zait ipuin horren pertsonajea: amarekin Martera joandako euskaldun bat, euskal klasikoak irakurtzea maite duena... Gogoetatxo interesgarriak ditu euskara, euskal kultura eta adimen artifizialari buruzkoak. Euskal Kulturaren fikzio espekulatibo bat, agian? Ez... gehiegi esatea litzateke ;-)