Alex (e)k Fred Vargas(r)en Altxa, hildakoak liburuaren kritika egin du (Ebanjelariak, #1)
Hiru ebangelista suari begira
4 izar
Garai bateko nobela poliziakoen estiloan eraikia dago: biolentzia espliziturik ez, argumentoaren norabide aldaketa ugari, amaiera ustekabea.
Berezia da pertsonajeak nola eraikitzen dituen. Esango nuke horixe dela nobelaren gakoetako bat. Hori eta umorea nola erabiltzen duen... absurdoaren ikutu batekin (kasik Valle Inclan-en modura). Horrek bizitasuna ematen dio eta sinisgarritasuna kendu.
Protagonistak 3 historialari dira, bakoitzak garai batean espezializatua: historiaurrea, erdi aroa eta gerra handia. Elkarren lagunak, euren espezialitateen arteko lehiagatik elkarri zirika aritzen badira ere. Iraganaren hiru ikertzaile, orainean ikertzen. Etxe merke bat lortu dute, zaharberritzearen truke. Bakoitzak pisu batean bizi da... orden kronologikoan: historiaurrea lehen pisuan, erdi aroa bigarrenan eta gerra handia hirugarrean... Ezin zen bestela izan. Elkarri deitzeko... kolpe bat jo behar da lehengo pisuko bizilagunari deitzeko; bi kolpe, bigarrenekori; hiru kolpe, hirugarrenekoari... zazpi kolpe dira denok biltzeko deia.
Sua dute elkargune. Historiarruen gizon iletsuz osatutako taldetxoak biltzen dira haitzulotik gertu suaren inguruan; Erdi Aroko biztanlea etxeka kontatzen da, sutondoka alegia... eta zer esanik Gerra Handiaren suari buruz... "Beraz, gure arteko tirabirez gogaitu eta alde kronologikoak elkargaitzak bilakatzen direnean, ez diagu sua egin besterik".
Liburuan bada irudi polit bat: hiru historialariak etxezaharraren balkonada batean daude, lehiotik begira. Katedral bateko hiru estatua dirudite... hiru ebangelista. Izenak ere bat datoz: Marc, Mathias eta Lucian... San Mateo, San Marcos, San Lucas, alegia. Idazlea ere pertsonaje bat da. Nonbait irakurri dut agorafobia duela eta lan egiteko modu bitxi samarra duela: urtean behin argitaratzen du; oporraldian istorioaren arkitektura eraiki ohi du oso-osorik, eta gainerako hilabeteetan narrazioari forma emateari ekiten dio.
Itzulpena ongi. Ni neu pertsonalki urduri jartzen nauten ZEIN-erlatiboak alde batera utzita (nork bere zoroak bizi ditu),esango nuke testuaren jarioa oso egokia dela.
Hitanoa. Bitxia da. Kosta egiten zait hitanozko pasarteak irakurraldi isilean lehenengoan ulertzea. Ahoskatu behar izaten ditut; entzun behar ditut, ahopeka besterik ez bada ere.