Itzuli
Feminismoa denon kontua da (Paperback, 2018, Katakrak) 4 izar

"Feminismoa denon kontua da"

Baloraziorik ez

Greba feminista orokorraren testuinguruan irakurri dut. Onartu behar dut oso irakurketa partikularra izan dela. Liburu inspiratzailea da, bai... tarte laburregian gauza gehiegiri buruz hitz egin nahi badu ere. Audioliburu formatuan eskuratu dut, baina hobe paperean irakurtzea: arkatza eskuan irakurri beharreko liburua da.

bell hooks-ek letra xehez idatzen du bere izena; bere esanetan ideiak direlako letra larriz idatzi behar direnak, eta ez izenak.

Liburutik, nik neuk, hiru indar-ideia atera ditut:

  1. Feminismoaren helburua ez da gizonezkoen aurka borrokatzea, sexismoaren aurka borrokatzea baizik. Feminismoa antisexismoa da: igualitarismoa.

  2. Labur geratzen da feminismoa, generoari soilik begiratzen badio, klaseak eta arrazak dakartzaten opresioak ere kontuan hartu gabe.

  3. Beren pribilegioei uko egin eta feminismoa bere egiten duen gizona borrokarako burkide baliotsu bat da, ez inolaz ere feminismorako mehatxu bat; mugimendu feministan pentsamolde eta jokamolde sexistaren arabera jarduten duen emakumea, aldiz, bai, mehatxu arriskutsu bat da.

Feminismo bisionarioa eta erradikala proposatzen du. Nork bere bizimodua eraldatzetik harago, bizia osorik eraldatzea bilatzen duena... Espiritualiateari ere begiratzen dion feminismoa da: bestelako espiritualitatea posible dela defendatzen duena, bere baitan justizia eta askapena ardatz dituena. Bere ustez feminismoak opresio eta errepresio guztiak jarri behar ditu kolokan: biolentzia ororen kontra borrokatu behar du.

Gizona feminista izan daiteke? Kostako zaigu, baina merezi du. Iruditzen zait badugula zer irabazi, bi aldetatik: (a) feminismoak prefiguratzen duen etorkizuna desiragarria da erabat: pribilegioetan galduko duguna, koherentzian irabakiko dugu; (b) bidean ere badugu zer irabazi: nonbait irakurri dut feminismoa dela gaur-gaurkoz eskumari eta neoliberalismoari zentzu komuna disputatzeko dugun tresnarik onena.

Gogoekin geratu naiz bell hooks-en beste liburu bat irakurtzeko.