Alex (e)k Eider Rodriguez(r)en Dena zulo bera zen liburuaren kritika egin du
Dena zuloa...
5 izar
Sei ipuin. Seietan gai bera lantzen dela esango nuke: harremanak... edo, agian, gehiago zehazteko, biko(te) harremanak. Sei ipuinetan malenkonia-puntu bat dagoela esango nuke... urruntzen ari den edo urrundu daitekeen harreman bati dagokiona (Nerudarekin akordatzen? Ya no la quiero, es cierto. Pero cuánto la quise).
"Zuloa" ipuinaren harira, interpretazio interesgarri bat entzun dut: bikote-harremanek, sarritan, gure buruari jartzen diogun misio batekin dute zerikusirik. Behin misioa amaituta, zertarako harremana jarraitu? "Zuloa" egitea zen Jonen helburua: "Zertarako erabiliko dugu ba?, esan zuen. Ezertarako ez, zulo bat da". Esaten dute bikote batzuk bereizi egiten direla, umeek etxea uzten dutenean, beren misioa agortutzat hartzen dutelako. Ipuin ederra.
"Kraterra" ipuina ikaragarri hunkigarria iruditu zait. "Ahate Bihotz" ipuina ere ongi. Gustatu zait "moderatuki zoriontsu" esamoldea... Uste dut gehiagotan erabiliko dudala aurrerantzean: moderatuki zoriontsu eta moderatuki zentzudun neu ere.
Ibai Atutxak liburuaren iruzkina egin du HIZLANDIA podcastean (www.berria.eus/podcastak/hizlandia/ibai-atutxa-eider-rodriguezen-dena-zulo-bera-zen_8221755_110_S.html). Haren ustez, badira ipuinotan hainbat gai: ezintasuna, zaurgarritasuna, gorputza, min zaharrak, estalitako emozioak, egunerokotasuna, bizi-ufadak... Haren ustez Eiderren ipuinok halako deserosotasuna sortzen dute: arnasestuko irakurtzen dira, zer gertatuko den jakiteko. "Itsasoak eta hondakinak" ipuinaren protagonistak, June eta Lila, Elena Ferranteren "La amiga estupenda" tetralogiaren Lenu eta Lilarekin konparatzen ditu (izenak ere antzekoak dira). Oharkabean pasa zait, baina bete-betean asmatu du. Ohartxo bat: podcasta entzuteko asmoa baduzue, hobe amaieran egitea, liburua irakurri ondoren ;-)
Liburuak, oro har, harritu egin nau.
