bixerdo (e)k Anthony Doerr(r)en La luz que no puedes ver liburuaren kritika egin du
Eleberri biribila, biribilegia
Liburutegi kontuak jorratzen dituzten liburuek erakarrita, Anthony Doerren Ciudad de las nubes irakurri nuen eta nahikotxo gustatu zitzaidan (Konstantinoplako setioaren historia gogoan luze geratzeko modukoa da). Oso egoera eta aro ezberdinetan kokatutako lau-bost pertsonaia oratu eta harilkatu zituen modua benetan ona iruditu zitzaidan eta aurreko bere nobela (Pulitzer sariagaz altzatu zena, gainera) nahiko modu onean ikusi nuenez liburu-dendan ba... animatu egin nintzen.
Oso ondo idatzita dago eta pertsonaiekin hunkitu zaitezen lortzen du. Kapitulu oso laburrak, egoera batetik bestera saltoka narrazioa arinduz eta liburukotea (seiehun orri baino gehiago ditu) di-da batean irakurtzea ahalbidetzen dutenak.
Eta, hala ere, zerbaitek, ez dakit zehatz zerk, kirrinka egiten zuen liburuan zehar. Tira, nire maniak, agian.
Apunte modura, liburuan agertzen diren haurrei bideratutako zientzia irratsaioek egungo Ikusgela[1] proiektua gogorarazi didate. Nork daki, agian etortzear dagoen apokalipsi zonbian, jakingura naturala duten umeak elkartzeko balioko ote dute bideook.
[1] ikusgela.eus/