Astebete eman behar nuen kanpoan eta liburu poloto bat eraman nuen irakurtzeko. Ezin izan nuen ezta 10 orri irakurri. Liburu honetaz akordatu nintzen eta telefonoan eskuratu nuen. Lehendabiziko aldia da liburu bat telefonoan irakurtzen dudana. Ez da batere erosoa, ez horixe! Dena den, oso gustura irakurri dut. Merezi du benetan.
Autofikzio bat dela irakurri dut inon, protagonista Kirmenen alter-egoa dela. Nabaria da. Irakurri bitartean Kirmen bera hizketan ari zela iruditu zait. Ispiluen jolasen antzerako da: nobela bat idazteko historia ikertzen ari den idazlea da pertsonajea; eta nobela bat idazteko ikertzen ari den pertsonajea da idazlea (Kirmen, alegia).
Nahasketa gustatzen zait... narrazioan, saiakeratik asko duten zatiak txertatzen ditu: gogoetak, hausnarketak, digresioak...
Aipu batzuk liburutik (eta kontestutik) atereak:
"Ikusten ez dena ezinegona eragiten digu".
"Zergatik ez dugu susmatzen eskuin muturraren agerpena. Gizartearen barruan zerbait mugitzen ari da eta gu konturatu ez."
"Boga-boga kanta etorkinei buruzko kanta da, Ameriketara doazen migrariei buruzkoa /.../ jendeak lotzen du herriaren gorespenarekin, arrantzaleekin, baina ez migrariekin"
Prousten Denbora galduaren bila liburuari buruz: "badoan bizitza jasotzen du xehetasun guztiekin. Uste dut bizitza horixe dela, detaile txikiak, poz txikiak, horiek dira bizitza".
Txiste bat: "Behin esan zuen unibertsitateko irakaslea izateko hiru arrazoi handi zeudela: ekaina, uztaila eta abuztua".
"Hizkuntzalari batzuen ustez, lur eta elur jatorri bera dute: lurra izoztuta zegoeneko oroitzapena, nonbait".
"Caravaggio obsesionatuta zegoen boterean berekin dakarren jazarpenarekin /.../ Askatasun ezina da bere gaietako bat"
Arendten "gaizkiaren hutsalkeria": Edozein izan daiteke gaizto egoera jakin batean.
"Nobelak likidoak dira hasieran, biziak, gauzak erraz dira aldatzen, mihisi bateko margoa bezala. Baina momentu batean lehortu egiten dira"