Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasun sendaezinak jarri du berriz martxan narratzailearen gogoa eta sorterrira itzultzeko asmo sendoa. Bere ahotik, nahiz bizikide izan dituen seme, maitale, alaba eta emaztearen ahotik ezagutuko ditu irakurleak protagonistaren ibilerak, Portugalgo sorterritik Euskal Herriko Bidasoaldera eraman zutenak, gazte garai gogor (Salazarren diktadura garaiak ziren), migratzeko erabaki zail (bizimodu duinago bat eramateko aukera bakarra zen), bizitoki berrian laketzeko zailtasunak (sorterria utzi duena betirako izango da arrotz), bai eta Irundik Portora doan gaueko azken expressoan egindako bidaia iradokikor eta barnebiltzaile bat ere. Eneko Aizpuruak Bidasoan gora saiakera literario mamitsuan irekitako bidea probestuta, fikziora dakartza orain bertan aletutako hainbat eta hainbat gai (Bidasoa ibaia pasaleku gisa bakarrik ez, etorkizun bat eraikitzeko topos gisa erabili zuten portugesena, adibidez, garrantzitsuenen artean), gai ez aski ezagunak euskal irakurlearentzat, Gaueko azken expressoa eleberri honek modu hunkigarrian zabaldu eta ezagutzeko parada emango dizkionak. Migratzeari, deserriari, bizi ezintasunari, laguntasunari, familiari, baita, azpigai modura …
Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasun sendaezinak jarri du berriz martxan narratzailearen gogoa eta sorterrira itzultzeko asmo sendoa. Bere ahotik, nahiz bizikide izan dituen seme, maitale, alaba eta emaztearen ahotik ezagutuko ditu irakurleak protagonistaren ibilerak, Portugalgo sorterritik Euskal Herriko Bidasoaldera eraman zutenak, gazte garai gogor (Salazarren diktadura garaiak ziren), migratzeko erabaki zail (bizimodu duinago bat eramateko aukera bakarra zen), bizitoki berrian laketzeko zailtasunak (sorterria utzi duena betirako izango da arrotz), bai eta Irundik Portora doan gaueko azken expressoan egindako bidaia iradokikor eta barnebiltzaile bat ere. Eneko Aizpuruak Bidasoan gora saiakera literario mamitsuan irekitako bidea probestuta, fikziora dakartza orain bertan aletutako hainbat eta hainbat gai (Bidasoa ibaia pasaleku gisa bakarrik ez, etorkizun bat eraikitzeko topos gisa erabili zuten portugesena, adibidez, garrantzitsuenen artean), gai ez aski ezagunak euskal irakurlearentzat, Gaueko azken expressoa eleberri honek modu hunkigarrian zabaldu eta ezagutzeko parada emango dizkionak. Migratzeari, deserriari, bizi ezintasunari, laguntasunari, familiari, baita, azpigai modura nahi bada, baina Euskal Herriari eta euskal gatazkari buruzko hausnarketa ere pizten duen kontakizun bat jostea lortu du Aizpuruak, bere laugarrena den eleberri honetan.
Istorio gogorrak, hirugarren batek kontatuta, beti sinisteko zailak egiten zaizkit. Gainera, titulua eta sinopsia irakurrita beste zerbait espero nuen. Beharbada, horregatik ez dut liburua disfrutatu.
Nobela oso interesgarria Eneko Aizpuruaren hau. Idazkera fin batek gure imajinarioan oso errotuta ez dagoen historia batekin egiten du topo hemen: 1970eko hamarkadan bizimodu hobe baten bila Bidasoa zeharkatzen bizia jokatu (eta batzuetan galdu) zuten migratzaile portugaldarrena. Ardatz horretan txirikordatzen dira beste zenbait gai ere: euskal gatazka, hainbat ikuspegitatik; belaunaldien arteko tentsioak, familia barrukoak; bizi osoa zamatu dezaketen erruduntasunak; prostituzioa, alkoholismoa… Gauza asko dira batera, baina kontatua dagoen moduan, bakoitzak bere lekua aurkitzen du obraren koherentzia kaltetu gabe. Nobelaren egiturak, pasarte bakoitzean pertsonaia baten ahotsa nagusitzen dela, badu antzekotasunik Rafael Chirbesen nire nobela gogokoenekin. Eta era berean, sumatzen da Aizpuruaren aurreko liburuarekin (‘Bidasoan gora’ saiakera) konexiorik. Bainaren bat jartzekotan, akaso zera aipatuko nuke: batzuetan pertsonaiak “ondoegi” espresatzen dira, haien backgrounda zein den kontuan izanda eta horrek une batzuetan egiantzekotasunari buruzko dudaren bat eragin dit. Nolanahi ere, oso kontuan hartzekoa Aizpuruaren lan hau.